“Anonyme Popular ziurtasunak apur bat lainotu diren garaiotan egindako zintzotasun ekarpena da”

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 7a, 11:30

Igor Elortza Aranoa (Durango, 1975) bertsolariak Anonyme Popular disko-liburua kaleratu du Rafa Rueda musikariagaz batera. Garai nahasietan sorturiko bertsoak doinu garaikideekin jantzi dituzte. 

CMYK koloreko azal bat, Anonyme Popular izenburua eta erritmo urbano ugari. Igor Elortzaren alderdirik kosmopolitena ezagutuko ote dugu lan honetan?
Alderdirik gaurkoena, esango nuke. Durango ez dakit herri handia ala hiri txikia den, baina kaletar samarrak izan gara beti. Garai batean, kalean, beste estetika, doinu eta erreferentzia artistiko batzuk zebiltzan. Gaur egun beste batzuk daude, denongana ailegatzen direnak. Eta adintxo bat eduki arren, musikaren mundua beti gustatu izan zait, asko. Nire abiapuntua bertsoak dira, baina gainerakoan egiten dena ere adi jarraitzen dut. Dena dela, zehaztasun batzuk egin gurako nituzke. Azal CMYK, poppy eta koloretsua Gotzon Garaizabal diseinatzaile elorriarrak egin du. Lankide ere badut. Disko-liburuko diseinuak Zart kolektiboko Alain Urrutiak egin ditu. Anonyme izena frantsesetik dator, eta Popular izan daiteke ingelesa, gaztelania zein euskara. Izenburua definitzea kostatu egin zitzaidan, beste aukera batzuk ere banituen eta. Baina flow moduko bat duela iruditu zitzaidan, zeozer idarokigarria dela. Izenburu aproposa dela iruditzen zait, ni-tik kantatzen dudalako sorta askotan, baina nire egunerokotasun horretatik beste askoren bizipenak ere islatu daitezkeelako. Garai arraro hauetan norbanakoaren eta kolektiboaren arteko tentsiotxo bat badagoelako. 

7 Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuen aldean, indibidualagoa, introspektiboagoa al da Anonyme Popular?
Pertsonalagoa da. Introspekzioa egon badago. Izan ere, honen guztiaren sorburua izurrian dago, neurri handi batean. Orokorrean, garai eta giro nahiko indibidualista honetan, gu-ak urtu diren garaiotan, pandemia giro isolatuan idatzitako sortak dira.  Dena dela, lehenagotik nituen kezka batzuk ere badaude. Izurriaren aurreko eta geroko bertso sortak daude. Formulazio aldetik, oso ni-tik irtendakoak dira. Ziurtasunak apur bat lainotu diren garaiotan egindako zintzotasun ekarpena da. Bidean kideak batu arren, konplizeak batu arren, lan handia eskatu didan proiektua da. Rafa Rueda izan da konplize nagusia. Lan handia egin du alderdi musikalean. Ekoizpen lanak Jose Lastra teknikariak egin ditu, eta Zart kolektiboak egin ditu disko-liburua kaleratzeko lanak. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibako kide diren Dapatistak taldekoengana ere jo dut. Zabalkundeari begira, Ikus-entzunezko bertso berriak landu genituen. Youtube kanal bakarrean entzun, ikusi eta irakurri daitezke lanak. Zuzenekoei begira, hirugarren musikari bat izango dugu, Alvaro Olaetxea perkusionista. Jose Lastra teknikari lanetan egongo da eta Gaizka Izagirre berriztarra soinu eta proiekzio lanetan. Gidoia harilkatzeko lanak Oier Zuñiga antzerki zuzendariak egingo ditu. 

Sortzaile modura, zelakoa izan da zure sortze lana konfiguratu duen barne testuingurua? Zelako Igor Elortza egon da sortze lanean?
Igor Elortza zalantzati, zaurgarri samar eta bizinahi handikoa. Adinak ere izango du zerikusia honetan. Gauza batzuk belaunaldiari loturikoak direla esango nuke. Beharbada, lehen nagusi ziren kezka batzuk berrinterpretatzeko balio izan du. Euskal gatazkari dagokionez, adibidez. Edo garai batean hain presente ez zeuden konfliktoak oso presente daude lanean. Feminismoaren olatuak, zorionez, galdera ikur berriak ekarri ditu askoren bizitzara. Gure egunerokotasuna errebisatzeko galderak. Badago introspekzio puntu bat, neuretik, zintzotasunetik hasita. 

Musikari dagokionez, zelakoa izan da sortze prozesua?
Bertso sorta kopuru bat idatzita nuenean, ingurukoekin berba egin nuen, konfiantzazko sortzaileekin, aurrera egiteak merezi ote zuen kontrastatzeko. Batzuek esaten zidaten gehiago idatzita liburu bat kaleratu nezakeela. Baina beharbada lehendik ere antzeko lanak egin ditudanez, kantuan ikusten nuen neure burua. Iruditzen zait bertsoak lo daudela paperean, eta iratzarri egin behar direla, mugiarazi. Eta hori musikak eta kantuak egiten dute. Nogaz egin nezakeen hori? Rafa Rueda etorri zitzaidan burura. Lagunak gara eta aurretik elkarrekin lan egindakoak ere bai. Berak elektronika landu du azkenaldian, pop musika ere bai, eta banuen hortik jotzeko intuizio bat. Azkenaldian entzuten ibili naizena beragaz partekatu eta horrela joan gara apurka-apurka lantzen. Pandemiak aizkorakada bat ekarri du, baina aukera bat sortu du gauza berriak egiteko, bertsoak bestelako estetika batzuekin janzteko. Rafa aske sentitu da lanerako, eta bidea gozatu dugulakoan nago.

Zuzenekoak prestatzen zabiltzate. Zer ikusiko dugu?
Azaroan zehar arlo musikala landu dugu. Orain hari kontzeptuala, gidoia eta eszenaratzea landuko ditugu. Ni-tik idatzitako hori emanaldi bakoitzera doan jendeagaz partekatu eta gu bat sortzeko modua topatzea da ideia. Hori janzteko, off ahotsak, mugimenduak, bideo proiekzioak, tokian tokiko sorta bat edo beste, bertsioren bat, eta giro edo atmosfera bat sortzeko argiztapena izango ditugu.   

Non eskuratu daiteke Anonyme Popular disko-liburua?
Zart kolektiboaren standean egongo da eta ohiko liburu-dendetan ere ipiniko dugu salgai. Adibidez, Durangoko Hitzen badago jada. Igor.eus atarian ere eskuratu daiteke eta zuzeneko emanaldietan ere egongo da salgai. Zuzenekoak direla eta, eskualdean Elorrioko Arriolan egongo gara oraingoz, otsailaren 10ean. Dena dela, lehenengo emanaldia urtarrilaren 29an egingo dugu, Azpeitiko Soreasun. Horrez gainera, Zarautzen, Iruñean, Bilbon, Villabonan eta Amurrion antolatu ditugu otsail-martxorako zuzenekoak. Gehiago lotzen ere bagabiltza. Durangon ere egin gura dugu, maiatzean, eta Lapurdira ere ailegatu gura nuke. Baten batek emanaldiren bat antolatu gura balu, Lankura jo dezake.    

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!