Ezagutzen ez dutenentzat, zer da Saguganbara?
Durangoko Azokaren barruan umeei zuzenduta dagoen gunea da. Ahotseneakoa musikarena edo Irudieneakoa ikus-entzunezkoena den legez. Haurrak eta gazteak literaturara zuzenduriko txokoa da. Ipuin kontalariek aurkezpenak egiten dituzte; antzerkiak eta tailerrak egoten dira...
Ohiko azokara bueltatuko garela izan zen azokako aurkezpeneko mezua. Saguganbaran ere bai.
Aurreko edizioetako neurriak gune guztietan aplikatu ziren arren, gurean bereziki igarri genuen hori. Gure hartzaileak umeak izanda, oso agerian geratzen zen aforoa mugatzen zenean; gauzak ikutzeko beldurra zegoen, espazioa bete eta hutsitu egiten zen eta aireztatu egin behar izaten zen. Aurten umeak eta gazteak Saguganbaran libre ibili ahal izango dira, eta dena ikutzeko lasaitasunagaz.
Zein material edukitzen duzue Saguganbaran?
Sasoi honetan Irakurgida kaleratzen dugu eta katalogo horretako liburuak Saguganbaran egoten dira. Haur eta gazteentzako 2022ko argitalpenak eta 2021eko gomendioak jasotzen ditugu. Aurkezpenak egoten diren bitartean ez, baina eguerdietan irakurketa librerako tartea izaten da.
Durangaldera begira, egitarauko zein ekitaldi nabarmenduko zenituzke?
Abenduaren 7an, ikasleen goiza Mireia Delgado durangarraren Literakzioa tailerragaz hasiko dugu. Zornotzako Karmengo Ama ikastetxeko ikasleak etorriko dira. Arratsaldean Usue Egia durangarrak ilustrazio tailerra egingo du. Amaia Egidazuk eta Saroa Bikandik Poltsikorako poemak aurkeztuko dute. Eider Eibarren Maieur euskaraz marrazten dugu aurkeztuko du. Bestalde, Etxepare Saria jaso duen Kiratsa lana azpimarratuko nuke, eta baita Ene Kantak lako klasikoak ere.
Aurten, Saguganbararen itxura aldatu duzue.
Bai, itxuraldatuta gatoz. Hormetako ilustrazio berriak Usue Egiak egin ditu.
Azokatik kanpora, Durangaldeko ikastetxeekin Haur Literatur Aretoa antolatzen duzue irakurzaletasuna bultzatzeko
Bai, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea du helburu. Berrizen, Zaldibarren eta Zornotzan egon gara dagoeneko. Orain Zornotzan gaude. LHko ikasleak izaten dira.
Zure lehenengo urtea da arduradun lez Saguganbaran. Zelan daramazu ardura hori?
Berbaron orain urtebete hasi nintzen lanean, eta esan zidatenean nire proiektuetariko bat Saguganbara izango zela asko poztu ninduen, motibatzen nauen ekimen bat delako. Lan handia du atzean, baina lantalde ona dugu. Gainera, Gerediagagaz urte osoan batzartzen gara antolaketa errazteko. Data honetarako gutxi gorabehera, dena prestatuta izaten da. Gerediagatik gauzak asko errazten dizkigute.