Aurtengo helburuetariko bat pandemiaren aurreko bisita kopuruetara gerturatzea izango da. Azokaren harira Durangora etorritako bisitarientzat Merkatu Plaza txiki geratzen zen batzuetan. 34.000 bisitari jaso zituzten urtean jo zuten goia. Baina urte biko etenak bere ondorioak izan ditu eta iaz 16.000 bisitari inguru izan zituzten. Horregaitik, apurka-apurka pandemia aurreko datuetara hurreratzea dute helburu eta ildo horretatik lan egingo dute, Euskal Dendako arduradunen esanetan.
Bizkaiak ordezkaririk gehien
Aurten 51 artisautza enpresa etorriko dira, iaz baino bi gutxiago. Lurraldeak kontuan hartuta, beste urte batez Bizkaiak izango du ordezkaririk gehien, 31 artisaugaz, iaz baino bost gehiago. Gipuzkoatik 9 etorriko dira, Nafarroatik 6, Arabatik 4 eta Lapurditik 1.
Eskualdeko lau postu
Durangaldetik lau artisauk parte hartuko dute. Eneko Unzaluk aurten ere ez du hutsik egingo, eta berak egindako bitxiak ikusi eta erosi ahalko dira. Egurra lantzen duen Felix Larrañaga ere bertan egongo da. 2018an Euskal Dendako standik onenaren saria irabazi zuen berriztarrak. Elorrioko Gorakat dendakoen poltsek eta motxilek beteko dute beste stand bat. Aurten, bosgarren parte hartzea izango dute. Restaurarte zaharberritze tailerrekoak ere hainbat bider egon dira Euskal Dendan, eta 2010ean standik onenaren saria jaso zuten.
Postuak sektoreka
Euskal Dendan posturik gehien izango duen sektorea ehungintza da, bederatzigaz. Kosmetikak, bitxigintzak, imitaziozko bitxigintzak eta nekazaritzako elikagaiek ere espazio nabarmena izango dute, bosna postugaz. Baina aurtengo bereizgarrietariko bat da sektore nagusietan sailkatu ezin daitekeen postu asko egongo dela: lore sikuak, landare-zuntzak, serigrafia, jostailuak, euskal kirola, macrame teknika… Euskal Denda bisitatzen duenak gustu eta kolore guztietako postuak aurkituko ditu. Gainera, euretariko batzuk lehenengoz etorriko dira. Esaterako, Bilboko Tokyo Story zaharberritze dendakoak eta Ilzarbeko (Nafarroa) Kurunkun txotxongilo egileak.
Ordutegia
Euskal Denda abenduaren 7tik 11ra egongo da zabalik. Goizetan, 11:00etatik 14:30era zabalduko dute; eta arratsaldeetan, 16:30etik 21:00etara. Azken egunean, abenduaren 11n, 20:00ak arte bisitatu ahalko da arratsaldez.