Zelakoa izan da komikiaren sormen prozesua?
Lehenengo bilerak urtarrilean izan genituen. Tabirakotik proposaturiko zenbait ideia lotu eta garatzen hasi ginen. Umeei klubaren historia, balioak, Tabirakoren oinarriak... transmititzea izan da taldeko zuzendaritzaren helburua. Eta nabarmentzea Durangoko eskola guztiak direla Tabirakoren parte. Bada, kronologikoki egituratutako istorioa planteatu nuen, 12 orrialdetan garatua. Laburra, umeek ulertzeko erraza eta koloretsua. Hori zehaztuta, dokumentazioagaz hasi nintzen.
Zelan egituratu zenuen lana?
Klubeko liburu eta aldizkarietatik datarik eta gertaerarik garrantzitsuenak jaso ditut, Tabirakoren izaeraren parte izan zitezkeen jazoerarik esanguratsuenak. Igual, dena irakurtzea eta garrantzitsuena identifikatzea egin zait gatxena. Dena kronologikoki ordenatzea erabaki nuen, eta komikiaren erdian merkatu plaza ipintzea. Tabirakorentzat, eta durangarrentzat ere bai, oso esanguratsua den espazio hori islatu gura nuen. Klubaren sorrera eta garrantzitsuak izan diren pertsonak agertzen dira komikian; Juanjo Moreno, adibidez. Kronologia ildo hori onartuta, zirriborroak egiten hasi nintzen. Umeei zuzenduriko komikia izan behar zuela kontuan hartuta, kontakizunak sinplea izan behar zuela ikusi nuen, erraz irakurtzekoa, eta irudiek indar handia hartu behar zutela.
Hori izan duzu helburu?
Produktu bisuala izatea gura nuen, eta Tabirakorentzat garrantzitsuak izan diren espazioak erakustea. Neuk ere jokatu du saskibaloian, eta, beraz, modu pertsonalean hartu dut lan hau. Kariñoz egindako lana da, haurtzarora bueltatzeko aukera eman didana.
Enkargu berezia izan da, beraz.
Bai. Neuretzat ere oso garrantzitsua izan zen Tabirako. Ni neu ere historia horren parte izan naizela ikustea polita izan da. Motibatuta eta ilusioagaz hartu nuen enkargua. Lan bitxia izan da, zerotik hasi eta apurka-apurka zorrozten joan naizena. Asko gustatu zait.
Klubeko bazkideak ere elkarrizketatu dituzu.
Tabirakoko lehenengo jokalariak izan zirenekin batu nintzen. Taldearen historia bera baino gehiago, euren pasadizo, bizipen eta oroitzapenak batzeko aukera izan nuen. Asko gustatzen zait garai bateko kontakizun horiek entzutea. Adibidez, zelan bidaiatzen zuten Renault Dauphine hori batean, batera eta bestera; merkatu plazan zelako giroa sortzen zen jokatzen zuten bakoitzean. Askari handiak, aldageletako giroa... hori guzti hori oso garrantzitsua zen talde izaera eta talde sentimendu hori lortzeko. Halako xehetasun txiki eta bitxiak islatzen ahalegindu naiz.
Ahorik aho iraun duen transmisioa galdu ez dadin ekin zion proiektu honi Tabirakok. Gazteengana heltzeko formaturik egokiena da komikia?
Ez dakit esaten; hor daude sare sozialak, indar handiagaz. Baina lan bisualak, ikutu daitezkeen lanak, sortzen jarraitu behar dugula uste dut. Liburuak eta komikiak euskarri egokiak dira historia transmititzeko.
Ura leporaino, pandemiaren itxialdiaren kontestuan sorturiko nobela grafikoa ere kaleratu duzu, azaroan. Mugarik barik eta barrutik sorturiko lehenengo liburua.
Bai, eta ez da azkena izango. Hausnartzeko, sortzeko, komunikatzeko bide bat topatu dudala uste dut, mugarik barik. Ura leporaino nobelak ez du kolorerik, marrazki eta testu asko dago. Eta ez du binetarik. Binetak mugatu egiten nau, gauza gehiago kontatzera behartzen nau. 1, 2, TABI komikirako beharrezkoak nituen binetak. Informazioa sailkatzea, egituratzea, behar nuen. Oso lan desberdinak dira biak. Oso eroso sentitu naiz bietan.
Saguganbaran marrazketa tailerra emango duzu, hilaren 7an. Zein ekarpen egiten ditu marrazketak?
Marrazketa lengoaia bat da eta asko transmititu daiteke. Sormena garatzeko tresna bat da umeentzat, eta umeak sormena lantzeko makinak dira. Marrazketa landu eta entrenatu egin behar da.