Nondik dator Ni ez naiz Mikel Laboa sortzeko ideia?
EHUko Mikel Laboa Katedra nigaz hartu-emanetan ipini zen, komiki bat egin zitekeela otu zitzaielako. Niri ederto iruditu zitzaidan, baina banekien ezin nuela bakarrik egin. Joseba Larretxeagaz hartu-emanetan ipini nintzen, marrazkiak egin zitzan, eta gidoia neuk bakarrik egitea ere lartxo iruditu zitzaidan, Laboaren moduko figura bati heltzeko beldurragaitik batez ere. Beraz, Harkaitz Can aspalditik ezagutzen dut eta nigaz kolaboratzeko eskatu nion. Harkaitzek, idazlea eta gidoilaria izanik, beste begirada bat izan zezakeen, nik ez daukadana. Orain dela bost urte ipini ginen hartu-emanetan, eta orain dela lau hasi ginen lanagaz. Denok ere beste lan batzuk izan ditugu eta apurka-apurka joan gara bidea egiten. Beharbada denbora tarte luze horrek ekarri du komikia den modukoa izatea. Normalean, komikiak epe baten barruan egin behar izaten dira, eta, gure kasuan, horrela ez izateak obra forma hartzen ikusten joatea ekarri du. Konplexua genuen Laboarengana hurbiltzeko, baina lana horrela egiteak pauso bakoitzean "ausartagoak" izaten baimendu digula esango nuke. Gainera, Josebak egindako zirriborroak ikusten genituen eta elkarri esaten genion: “Flipatzen ari gara, baina funtzionatzen du”.
Lan egiteko era desberdina izan da. Zelan hurbildu zarete Laboarengana?
Mikel Laboak ezaugarri bi zituen: ausardia, hasi tradiziotik eta esperimentaziora; eta umorea, bere komunikazioak eta inkomunikazioak, nahiz eta gauza serioetan ere bazegoen hori. Beraz, elementu horietatik heldu genion Laboari. Badu surrealismotik, baina baita biografiatik ere. Baina biografiarako badago Marisol Bastidak, bere alargunak, eginiko liburua. Gu liburu horretatik elikatu gara.
Irakurleek, gazteek esaterako, Mikel Laboa ezagutu behar dute liburuaz gozatzeko?
Ez dago ezagutu beharrik. Euskarazkoa ez den komiki bat hartzen dugunean ez dugu galdera hori egiten. Mikel Laboa ezagutzen ez duen edonork irakurtzeko moduko liburua izatea izan da gure asmoa. Ezagutzen baduzu, elementu gehiago topatzen joango zara. Laboa ezagutzen ez duenak bere beldurrak dituen musikari bat aurkituko du, bere bitxikeriak eta bere umorea dituen musikaria, eta liburua irakurri eta gero Laboa gehiago ezagutzeko gogoa izatea izango litzateke ideia. Laboa ezagutzen duenak komiki honetan haren izpiritu ausart, libre eta umoretsua aurkitzea gura dugu. Ez nuke esango gazteentzako komikia denik, baina helduentzakoa ere ez.
Bestalde, 'Haur Besoetakoa' komikian, pertsonaiek lehenengoz irteten dute hiritik.
Bigarren liburuko amaieran, haurrak Aimez [komikian aita-amak izendatzeko erabiltzen den izena] fidatzen dira. Akats handia. Orduan, kontzentrazio-esparru batean sartzea edo ihes egitea aukeratu behar zuten, eta bigarrena aukeratu zuten. Album honetan, ihesaldian aurkitzen doazen mundu desberdinak agertzen dira. Ihes egiten dute pentsatuz askatasuna lortuko dutela, baina askatasuna garesti dago gero! Hori da apur bat oinarrian dagoena.
Hiritik irteteak sorkuntzarako ateak zabaltzea ekarri dizue?
Bai. Gainera, ni erraz kateatzen naiz; Laboagaz ere kateatu nintzen. Album bi istorio asko dira, eta istorio bakoitzak 6-8 orrialde ditu. Istorio horietan beti leku berean zeuden, baina oraingoan guk gura izan dugun lekura mugitu ditugu, gura izan dugun modura, eta idazterako orduan eta marrazterako orduan ere askatasun eremu bat zabaldu zaigu.
Laguntzen dizu Unai helduak kritikatu edo azaldu gura lukeena Unai umearen erara egiten?
Umeak ematen digun begiratokiak helduon kontraesanak agertzeko aukera ematen digu. Jakina, ni ere heldua naiz, eta, beraz, nire kontraesanak ere ikusi ditzaket. Baina nik komikiko umeei egozten diedan begirada heldu batena da. Baina polita da, ume batek planteatzen dizkizun kontraesanak erantzungaitzak dira. Helduok eztabaidatu egiten dugu, gure argumentuak ematen ditugu. Baina umeek ispilu efektua egiten dute. Behin ume batek zure kontraesanean bete-betean jotzen duenean ez dago atzera bueltarik. Ideia apur bat hortik doa, baina tira, umorez. Parodikoa da.
Bestalde, 'Udaberririk ankerrena' berrargitaratu duzue, hamar urteren ondoren.
Bai, Durangoko bonbardaketaren 85. urteurrenean gaude hain zuzen ere. Ez zegoen eskuragai orain arte, eta Alexentzat eta biontzat pena zen salgai ez egotea. Zoritxarrez, gertakari horri buruz dagoen euskarazko komiki bakarra da. Eta pena da ikastetxeetan, Gerediaga Elkarteak eta Jon Irazabalek egindako ikerketez gainera, ez dagoelako beste materialik gaiari buruz. Durango 1936 elkarteari eta Durangoko Udalari eskerrak beste bizitza bat eman diogu.
Osasuntsu dago komigintza?
Bai, azken urteotan loraldi bat dago, hainbat motibogaitik. Batetik, Ikastolen Elkarteak Xabiroik hainbeste urtean egin duen lana egiten duelako, eta horrek ekarri du idazle eta marrazkilari askok elkar ezagutzea eta trebatzea; eta, bestetik, komikiak ospea berreskuratu duelako 'nobela grafikoa' izenpean. Aurten dozenaka ale argitaratuko dira euskaraz. Hori ikaragarria da. Esango nuke 80ko hamarkadaz geroztik komikien arorik oparoenean gaudela, kantitatez eta kalitatez.
Zelan bizi dituzu Azoka aurreko egunak?
Gogotsu nago. Hiru gauza oso desberdin dira eta horrela ikusita pentsa dezakezu "Hara! Zenbat gauza egin ditudan eta aldi berean!", baina, berez, bat berrargitalpen bat da eta beste biak lau urtean egiten joan naizen lanak. Xabiroiren postuan egoten gara urtero eta polita izaten da. Beharbada Mikel Laboaren liburua gehiago salduko da, baina Xabiroik erosle kopuru nahiko finkoa du. Gainera, Alex standean marrazten hasten denean, erleak eztira legez etortzen da jendea. Guretzat oso egun politak dira, gutxitan jasotzen baitugu feedback-a.