Eixuk antolatuta abenduaren 7tik 11ra artisau eta sortzaileen azoka egingo da Durangon

Anboto 2022ko abe. 6a, 09:23

Andra Mariko elizpean jarriko dituzte artisau eta sortzaileen stanDAk, 'Kultura stanDA' propioan sinisten dutelako.  

Abenduaren 7tik 11ra bitartean Eixuk antolatuta azoka egongo da Durangon, Andra Mariko elizpean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bost egunez 21 artisau eta sortzaileren lanak egongo dira ikusgai azokan. "11 sortzaile azokak irauten duen bost egunetan egongo gara, eta gainontzeko 10ak, bosteko bi taldetan banatuko dira. Hasierako hiru egunetan bost artisau/sortzaile izango dira, eta azken bi egunetan, gainontzeko bostak", azaldu dute antolatzaileek. 

Zapatuan salbu, azokak 11:00etan zabalduko ditu ateak eta 21:00ak arte egongo da. Zapatuan 14:30etatik 21:00ak arte egongo da zabalik. 

Antolatzaileek herritarrei eta Durangora bertaratzen direnei azokatik pasatzeko deia egin diete. "Ilusio handiz hartzen dugun azoka izaten da, Durango eskaparate bikaina baita leku askotatik etorritako kulturzaleak bertan biltzen garelako. Kultura modu askotara egiten dela sinisten dugu, gure lanak garaietara egokitutako kalitatezko sorkuntza eta artisau lanak direlako, guk geuk ere gure Kultura stanDA propioan sinisten dugu", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!