Zure ingurukoek izan dute filma ikusteko aukera?
Bai, eta oso harrituta geratu dira, bai muntaiagaitik bai horrelakorik ikustera ohituta ez egoteagaitik; ez Euskal Herrian bakarrik, Espainiako Estatuan ere ez. Gainera, jendeak oso gustura ikusi du filma, hainbat elementu dagoelako, pelikula historikoa delako, fantasiatik ere baduelako, maitasun istorio bat dagoelako… jendea buru-belarri barneratzen da VIII. mendean, eta hori hunkigarria da. Nahiko pozik gaude, zalantzak genituen-eta ea zer gertatuko zen.
Zer sentsazio sortu zizun estreinaldiak eta momentu hark?
Irati pelikularen estreinaldian bizi nuena ez dut inoiz bizi izan, 3.000 pertsona zoroak legez txaloka. Gainera, nik ez nekien baina Jose Antonio Bayona zuzendari ospetsua bertan zegoen eta Sitgesera joan den urte guztietan horrelakorik ez zuela bizi izan aipatu zuen. Jaialdiko zuzendariak ere harrigarria izan zela esan zigun. Horrez gainera, etxekoak ere hunkituta ikustea, goizeko prentsaurrekoan egondako kazetariak ere zutik txaloka ikustea, hori oso seinale ona da. Gainera, bertan eta beste hainbat zinema jaialditan publikoaren saria irabazteak publikoagaz konektatuko duen seinalea ematen dizu.
Enekok Sagardoytik du ala Sagardoy bihurtu da Eneko?
Beti da norabide biko prozesua. Gero ikusleak horren nahasketa ikusten du. Ni beti ahalegintzen naiz eraldatzen, pertsonaiari bere horretatik heltzeko. Egia esan, beti dago pertsonaiagaz bat egiten duzun ezaugarriren bat, baina kasu honetan zerikusi gutxi dugu.
Izen handiko aktoreen zerrenda dago filmean. Zer ikasi duzu beste aktoreengandik?
Edurnegaz (Azkarate) lan egitea plazer handia izan da niretzat. Bera antzerkigintzatik dator eta lehenengo pelikula zuen. Eta hartu duen diziplinagaz, dedikazioagaz eta esperiantziagaz geratzen naiz. Gauza asko ikusi ditut berarengan ahaztu gura ez ditudanak.
Baduzu esperantzarik Goya sarietarako?
Gatxa izango da, eta nire paperagaitik ez dut esperantza handirik, aurten hautagai handiak daude eta. Gauzak horrela, efektu bereziei, makilajeari, jantziei… horiei bai ikusten dizkiet aukerak. Edurneren lana saritzea gustatuko litzaidake. Bera da Irati pelikula eta miresgarria da egin duen lana, eta uste dut emakumezko oso protagonista gutxi ikusi ditugula aurten Espainiako Estatuko zineman.
Zelako saltoa dago zinematik antzerkira edo antzerkitik zinemara?
Nik nahiko salto naturala egiten dut, batzuetan bietan batera nabilelako lanean. Baina nik sumatzen dudan aldea energia da. Antzerkiak itzaleko lan desatsegina dauka eta leherketa ezin ederragoa, zuzenekoa eta adrenalina betean. Eta pertsonaia ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera ematen dizu. Beste aldetik, zinemak teknika ikaragarria du, kamerak daude, teknologia dago, tranpa oso begi bistan egoten da eta pertsonaiaren emozioak eta intentzioak zaintzea oso gatxa izaten da. Beraz, zineman sator lan apur bat egin behar da.
Azoka garaian sartuta gaude. Antzerkigintzan ere igartzen da mugimendua?
Ez, lan baten estreinuan ez du eragiten. Batez ere ez dugulako objektu fisikorik saltzeko. Oso eskertzekoa da Szenatokiaren moduko lekua egotea Azokan, baina ez gara egoten Azokari begira.
Zer da zuretzat Durangoko Azoka?
Usaina gogoratzen dut. Liburuen usaina edo… Sekula ere ez dut ondo eroan jendetza, eta gogoratzen dut nire lehenengo azoketan eszitazioa eta asperdura batzen zitzaizkidala, hainbeste jendegaz. Gaur egun bilkura handi bat legez dut Azoka, sortzaileek euren artean berba egiteko. Hainbat elkarlan ateratzen da bertatik. Uste dut lan handia egiten dela Azokari jarraipena emateko.