Durangoko Alde Zaharrak Azokako egunetan ostalaritza-sektorerako ordutegiak zabaltzearen ondorioez hausnartu du eta neurriak hartzeko eskatu dio udalari.
Azoka defendatu dute kulturarentzat "garrantzi handiko" ekitaldia dela esanez, baina egun horietan Durangoko erdiguneko eta alde zaharreko bizilagunentzat "arazo asko" sortzen dituzten egoerak dauela diote ohar batean. "Gizalegearen aurkako jokabideez ari gara, hala nola, kale-edanak, zaratak eta gaueko iskanbilak goizaldeko ordu txikiak arte, borrokak, zikinkeria, pixaz betetako eremuak…".Horregatik galdetzen dioten udalari "zer helburugaz" zabaltzen dituen ordutegiak "albo-kalte guztiak ondo ezagutzen baditu".
Egoera horiei aurre egiteko neurriak eskatu dituzte. "Toki Administrazioa kontsekuentea izan eta baliabideak jarriko al ditu: udaltzain gehiago lanean, zaratak kontrolatzeko aparatuak eta ez-betetzeak geldiarazteko bestelako neurri batzuk? Udal honi eskatzen diogu idatziz eman diezagula eta jendaurrean jakinarazi dezala zer neurri aurreikusi dituen egoiliarren eskubideak babesteko", diote oharrean.