Liberoamerikak zortzi emakumeren ahotsak batu ditu 'Barrenetik zulatzen zaitut' liburuan; tartean, Leire Vargas durangarrarena

Anboto 2022ko abe. 3a, 10:20

Leire Vargas durangarra, eskumatik hasita lehenengoa, azaroko aurkezpenean.

Liberoamerika argitaletxearen helburuetariko bat idazle gazteen lanak argitaratzea da. Izotzetan islatuak bilduman, 24 idazle euskaldunen testuak batu eta publikatu zituzten. Orain, euren bigarren erreferentzia argitaratu dute: Barrenetik zulatzen zaitut. Bertan, zortzi emakumeren ahotsak batu dituzte, lau poeta eta lau itzultzailerenak; tartean, Leire Vargas durangarrarena. Bikoteka banatu dituzte liburuaren atalak; horrela, itzultzaile bakoitzak idazle bategaz lan egin du.

"Bi hizkuntza diruditen hamaika lengoaia desberdin darabiltzate. Elkarrizketa ikusezin baina ukigarri bat sortu nahi du liburuak, jatorrizkoaren eta itzulpenaren artean, eta errealitate eta hizkuntza desberdinak bizi dituzten zortzi emakume batu ditugu horretarako", azaldu dute argitaletxetik. Leire Vargasek, Sarai Roblesek, Jone Makazagak eta Miren Irizarrek egin dituzte itzultzaile lanak, eta Yanina Giglio, Sara Montaño Escobar, Denisse Griffit eta Ingrad Bringas idazleen lanak itzuli dituzte. Ane Zubeldiak eta Iosune de Goñik egin dituzte editore lanak. 

Vargasek Yanina Giglioren poemak itzuli ditu. Ez da ohikoa jatorrizko piezak idatzi dituen idazleagaz lan egitea, eta Gigliogaz lan egin ahal izatea eskertu du. "Argitaletxeak aukera eman digu idazleagaz kontaktuan ipintzeko, eta hori ez da normalena. Nik aukeraturiko liburutik berarentzat zeintzuk ziren ezinbestekoak galdetzea garrantzitsua izan da niretzat", azaldu du durangarrak. Horrez gainera, Yanina Giglioren lana ezagutzeko aukera eman dio proiektu honek. "Ez nituen ez bera ez bere lana ezagutzen, baina proiektu honi eskerrak horretarako aukera izan dut", esan du. Liberoamerikak lan egiteko bestelako modu bat ere eskaintzen du; izan ere, literatura "aniztasunean oinarrituriko elkarrizketa edo sarea" izan daitekeela defendatzen dute. "Prozesua polita izan da. Argitaletxea txikia izateak dena etxekoago egiten du. Lau itzultzaileetariko hiru ez gara profesionalak, eta horrek zelanbaiteko askatasuna ematen du; gainera, poesian sormena ere behar da itzultzeko, eta poesia itzultzeko lehenengo kontaktu hau ederra izan da", azaldu du Vargasek. Giglio argentinarra da eta La do te eta Corva poema liburuak kaleratu ditu, besteak beste. Leire Vargasek Dena ametsa den irudipena poema liburua kaleratu zuen iaz, Elkar argitaletxearen eskutik.

Estiloari dagokionez, poesian estilo desberdinak jorratzen direla azaldu du egileak: "Nahiko anitzak dira eta horrek aukera ematen du idazle desberdinak ezagutzeko, norberaren gustuaren arabera ere bai". Yanina Giglioren poemek iraganari buruz hitz egiten dute, Sara Montañorenek laburtasuna dute ardatz, Denise Griffithek begirada nostalgikoa erakusten dute eta Ingrig Bringasenek etxearen eta gorputzaren arteko loturaz dihardute.

2019tik Euskal Herrian
Liberoamerika argitaletxeak "Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako" idazle gazteen lanak kaleratzen ditu, eta 2019an hasi zen lanean Euskal Herrian; 2017an aldizkari digital modura hasi zen. 2020an Izotzetan islatuak idazle gazteen bilduma argitaratu zuen. Literatura lan gaztea argitaratzeaz gainera, hainbat herrialde, kultura eta hizkuntzaren artean zubi lana egitea du helburu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!