Karrika taldeak antzerki inprobisazio tailerra emango du Ikasleen Egunean, San Agustin kultur gunean

Anboto 2022ko abe. 4a, 10:20

San Agustin kultur guneak askotariko kultur proposamenak taularatuko ditu datozen egunetan. Durangoko Karrika antzerki taldeak inprobisazio tailerrak emango ditu Ikasleen Egunean, abenduaren 7an. Arratsaldean, DrunDa! ekitaldiagaz Azokaren inaugurazio ofiziala egingo dute Barrexerkako gazteen eskutik.

Pieza laburrak
Abenduaren 8tik 11ra bitartean, egunero 12:30ean hasiko dute egitaraua. Goizetan hiru saio egingo dituzte, eta arratsaldeetan bost. Egunean hiru talde egongo direla azaldu du Arantza Arrazola Szenatokiko arduradunak. Egitaraua Luze edo Motz saioagaz hasiko dute, Mirari Martiarenaren eta Idoia Torregarairen bakarrizketekin. 

Bestalde, Pabilioi 6k pieza laburren jaialdia egiten du eta sariketa hartako parte hartzaile ugari San Agustinera aurkeztu dira. Izan ere, aurten pieza laburrak taularatzen dituzten sortzaileek Azokako gune honetan parte hartzeko aukera izan dute. "Antzerkiak beharrizan tekniko zehatzak dituenez, orain arte geuk egiten genuen antzezlanen aukeraketa. Beste guneetan, ostera, parte hartzeko deialdia zabaltzen zuten. Aurten, guk ere aukera hori eman dugu eta 29 proiektu aukeztu ziren. Horietatik 12 aukeratu ditugu", azaldu du Arrazolak. Gaineratu duenez, aniztasuna egotea gura izan dute, "umore apur bat, drama, bakarkakoak, talde lanak, ezagunak eta hasiberriak".

Durangaldeko parte hartzaileei dagokienez, Garazi Abraldesek Hau ere banaiz pole dance ikuskizuna taularatuko du. Azokako antolatzaileek ANBOTOn egindako elkarrizketaren bitartez ezagutu zuten artista durangarra eta parte hartzeko gonbita egin diote. Abenduaren 11n izango da, arratsaldean, Szenatokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!