“'Barne Mundua' disko kontzeptual bat da, abesti guztiek konexio bat dute; lanak mezu bat du atzean, istorio bat”

Maialen Zuazubiskar 2022ko abe. 2a, 12:00

Pandemia betean sortu zen Insömnia taldeak bere bigarren diskoa kaleratu du, 'Barne Mundua'. Oier Palomo gitarristak erantzun ditu galderak. 

'Barne mundua' lana kalean dago. Zer moduz zaudete?
Oso pozik, baina nekatuta. Udan ezin izan genuen lanik egin eta hiru hilabetean egin behar izan dugu diskoa. Irailetik hona hamabi abestiko lana grabatu dugu. 

Diskoa Azokarako kaleratzea garrantzitsua zen zuentzat?
Durangoko talde askok ez dute presa handirik izaten lanak Azokarako ateratzeko. Euskal Herriko talderik gehienak Azokara begira egoten dira, baina bertakoak sarritan ez. Eta ematen du hemen ez dagoela talderik, baina hemen talde asko eta onak ditugu. Guretzat Azoka oso onuragarria da, eta lana egun horietarako kaleratzea oso berezia.

Zelako diskoa izango da?
Lehenenengo diskoa grabatzerakoan, Amaiurrek (abeslaria eta gitarrista) eta biok ez genuen elkar ondo ezagutzen. Ni rock mundutik nentorren eta Amaiurri popa gustatzen zitzaion gehiago, musika komertziala. Orduan, lehenengo diskoa grabatzerakoan bigundu egin nintzen apur bat, zelanbait esatearren, eta oso disko alai eta lasaia kaleratu genuen. Baina bigarren disko hau desberdina da. Amaiurrek konposatu ditu abestiak, eta gero taldekide denon artean landu ditugu. Beraz, diskoa askoz ere landuago geratu zaigula esan daiteke. Disko kontzeptual bat da, abesti guztiek konexio bat dute. Lanak mezu bat du atzean, istorio bat. Egia esan, diskoan denerik dago: abesti elektroniko bat, pare bat abesti nahiko rockeroak, rumba bat, abesti akustiko bat... Barietatea dago, baina, orokorrean, pop-rock estetikari jarraitu diogu. 

Zuena pandemia betean sorturiko taldea da. Denbora gutxian pauso handiak ematen zabiltzate.
Urte eta erdi pasatu da taldea sortu genuenetik, eta denbora tarte horretan gauza asko egin dugu, bai. Hala ere, lehenengo diskoaren ondoren ez genuen kontzertu askorik eman. Murrizketak zeuden, aforo mugatuak... dena txarto zegoen. Horregaitik, lehenengo diskotik bigarrenera bitartean EP bat grabatzea erabaki genuen. Zenbait kolaboratzaile izan genuen, tartean Xabi Solano.  

Orain kontzertuak ematen zentratuko zarete?
Behin diskoa kalean dagoela, hori lau haizetara zabaltzen zentratuko gara. Eta, zelan ez, kontzertuak lotzen. Horretan gabiltza eta ea urte hasieragaz batera kontzertu zerrenda bat lotu eta disko berria Euskal Herriko txoko-bazter askotan zabaltzen dugun. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!