Zelan sortu zaizu azokako kartela diseinatzeko aukera?
Dei bat jaso nuen esanez nire lanak ikusi zituztela eta nirekin bildu nahi zutela aurtengo kartela egiteko.
Zelan hartu zenuen proposamen hori?
Ilusioa egin zidan. Azokara txikitatik joaten ginen, ikastolatik. Urteren baten talde batekin stand baten egon nintzen. Ahotsenean ere jo izan dut.
Behin enkargua onartuta, zelan planteatu zenuen sormen lana?
Hasieran, orain denbora bat egiten nuen estiloa berreskuratzea eskatu zidaten. Ilustrazio estilo hori jada ez dut asko jorratzen. Beraz, estilo hura gaur egun egiten ditudan gauzekin nahasten saiatu nintzen.
Kartel honegaz zein ideia transmititu gura izan duzu?
Aurtengo edizioko leloa 'Eztanda!' denez, sorkuntzaren eta jaiaren eztanda, Big Bang-aren moduko burrunba, islatu nahi izan dut. Kultura plazara eta musika oholtzara irudikatzen saiatu gara. Batez ere inklusibitatea landu nahi izan dugu. Bi pertsona agertzen dira, ez emakume eta ez gizon, eta biak batzen direnean beste kolore bat sortzen da. Ilusioa irudikatu nahi izan dugu, norberaren imajinazioan dagoen kolore hori, kulturak berak sorrarazten dizuna. Liburu bat irakurtzen duzunean edo musika entzuten duzunean zeure buruan gertatzen den eztanda hori.
Diseinuaren arloan, zertan diharduzu?
Diseinu estudio bat daukat Donostian. Aise deitzen da. Batez ere markak, publizitate kanpainak, webguneak eta horrelako diseinu lanak egiten ditugu.
Ahotsenean jo izan duzula esan duzu. Musika talde batean jotzen duzu?
Bere garaian, Nerabe taldean jotzen nuen eta pandemia aurretik jo genuen Ahotsenean.
Azoka berezia izango da aurtengoa. Kartela alde guztietan ikusiko duzu.
Bai, eta ez da kartela bera bakarrik. Gogoa dut aplikazio guztietan ikusteko. Landako Guneko sarreran ere kartel erraldoia egongo da.