Neurgailu bakarra instalatu dute momentuz, baina "emaitzak positiboak badira" eta erabakia "egokitzat jotzen bada", udalak neurgailu gehiago ipiniko dituela iragarri du. Herriko hainbat tokitan ipiniko lituzkete gailuok, era horretan, sare bat sortzeko. Udalak dioenez, tresna berriak "udal abisuen protokoloak" sortzen lagunduko du, "Eusko Jaurlaritzak ez baitio eskari horri erantzun". "Hilabete luzeetan ikusi dugu Eusko Jaurlaritzatik esan digutela dena ondo zihoala, eta neurketak aztertu ondoren, emaitzak ez zirela hain onak. Horregatik, erabaki dugu badela garaia Durangok neurketa sistema propioa izan dezan", esan duet Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.
Bilbo, ispilu
Durangoko Udalak hedabideetara bidalitako oharrean azaldu duenez, Bilboko Udalak airearen kalitatea neurtzeko hainbat sentsore erosi ditu. "Durangon instalatutakoa Bizkaiko hiriburuko modelo bera da", udalaren berbetan. "Ekintza honekin datu propioak izan nahi ditugu, Eusko Jaurlaritzakoekin kontrastatu ahal izateko eta, besteak beste, udal abisuetarako protokolo propioak sortzeko. Eskaera hori behin baino gehiagotan helarazi diogu Eusko Jaurlaritzari, eta, beraz, neurketak zuzenak badira, gure protokoloak landuko ditugu, hala badagokio, Durangoko herritarrei jakinarazteko”, gaineratu dute udal agintariek.