Jesuitak ikastetxeko Asier Martínez Kroazian egon da, Europak elikadura nahasmenduei zelan aurre egin diezaiekeen aztertzen

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 1a, 10:02

Elorriarra Kroazian egon da, Europar Batasuneko beste hainbat ikaslegaz batera European Youth Parliament (Europako Gazteen Parlamentua) egitasmoan parte hartzen.

Zagreb hiriburuan elikadura nahasmenduen gaia landu du, Europa osoko beste hamar bat kidegaz batera. “Europak elikadura nahasmenduen aurrean zein politika egin ditzakeen aztertu dugu. Gaiari buruz dokumentatu eta gero, taldeka, beste hamar bat kidegaz egon naiz gaia eztabaidatzen, argudiatzen eta proposamen politikoak lantzen”, azaldu du Martinezek. “Oso zehatza izan behar duzu zure proposamenekin. Gero, gaiak aurrera egiten badu proposamena Europako Parlamentura eramaten da, ordezkari politikoek han landu dezaten”, gaineratu du. European Youth Parliament Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da, gazteak Europar Batasunera gerturatzeko helburua duena. Egitura hainbat eremu geografikotan banatuta dago. Hortik aurrera, egiturak Europako estatuetarako bidea egiten du. Martinezek Bilboko eta Huescako (Aragoi, Espainia) jardunaldietan parte hartu du, hango ordezkaritza komiteetan. Topaketa horietan izandako arrakastari eskerrak, Zagreben finalista lez jokatu du. "Oso esperientzia aberasgarria" izan dela dio. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!