Antso Estegiz, Aramotz, Madalenako plaza eta Andra Mari berritzeko lanak, 2023rako inbertsio nagusiak

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 30a, 20:44

Antso Estegiz kalea.

Durangoko gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuak onartu ditu "Durango herritarrentzat berreskuratzen jarraitzeko" asmoagaz. Aurrekontuek gobernu taldeko kideen botoekin egin dute aurrera. Bai EAJk eta bai PSE-EEk kontra egin dute.

Durangoko udalbatzak 2023ko udal aurrekontuak onartu ditu iluntze honetan. Udalak eta haren zati diren egitura autonomoek 40.540.000 eurotik gorako diru poltsa izango dute datorren urtea kudeatzeko, iaz baino %4,73 gehiago. Gobernu taldeko kideen iritziz, aurrekontu "oso potenteak dira, oso onak". EH Bilduko Iker Urkiza zinegotziak halantxik definitu ditu: "Aurrekontu oso potenteak dira, oso onak. Parkeak, plazak, kaleak eta alderdi sozialak, ingurumenari loturikoak, berreskuratu gura dituztenak. Inbertsio estrategiko handiak daude", esan du. Zinegotzi subiranistak Andra Mariko elizpea berritzeko proiektua (350.000 euro), Antso Estegiz kalea berritzeko lehen fasea (639.525), Aramotz auzoaren berrikuntza lanak (1.500.000) eta Plateruena irekitzeko diru partida (313.000) ipini ditu inbertsio garrantzitsuenen adibide modura. Horrez gainera, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako teilatua konpontzeko lanak eta komertzioa sustatzeko diru-partiden %526eko igoera aipatu ditu.

Herriaren Eskubidea taldeko Jorge Varelak ere, "Durango herritarrentzako berreskuratzen jarraitzeko" aurrekontuak direla azpimarratu du. "Gure aurrekontuak ongizatea hobetzen joan dira urterik urte" esan du, eta horren adibide modura ipini ditu "lau urtetik hona urtero-urtero egon izan diren aurrekontu parte hartzaileak", eta berriagoak diren umeentzako parkeen berritze lanak, gaztelekua, ludoteka eta etortzekoak diren "Urki-Hegoalde proiektuaren garapena, Tabirako aldagelen eraberritzea" edo "Alde Zaharreko lurra irristakorra ez izateko tratamendua" aplikatzea.

Oposizioa, kontra

Gobernu taldeko kideek oposizioko alderdien botoekin onartu dituzte azken urteotako aurrekontuak. 2021ekoak EAJren aldeko botoekin onartu zituzten. 2022koak, PSE-EErekin. Baina oraingo honetan, bakarrik onartu dituzte, osoko bilkuran duten gehiengoa baliatuta. Bai EAJk eta bai PSE-EEk, kontra egin dute.

Talde jeltzaleak 13 zuzenketa partzial aurkeztu ditu eta gobernu taldeak horietako 6 txertatu ditu aurrekontuetan. Adinekoen ongizate politiketara eta kirolaren sustapenera bideratutako neurriak dira horiek, 310.000 euroko aurrekontuarekin denak. Dena dela, EAJk beste proposamen batzuk albo batera uztea kritikatu du. Tartean, Tabiran futbol zelai berri bat egiteko eta herria zeharkatuko lukeen hiri-autobus bat ipintzeko proposamena. "Pozten gara ekarpenetako batzuk aurrekontuan txertatuta daudelako, baina konfiantza askorik ere ez dugu, duela urte biko aurrekariak ikusita", adierazi du Josune Escotak. Ordu hartan adosturiko neurri batzuk bete barik daudela ere kritikatu du. Bestalde, aurrekontuak "batere sozialak" ez direla, eta "proiektuak falta" direla kritikatu du.

PSE-EEk ere aurrekontuen kontra egin eta osoko zuzenketa aurkeztu du. Proposamenak, baina, ez du argi berderik ikusi. Jesica Ruiz bozeramaile sozialistaren berbetan, aurrekontuek "kasu gutxi edo batere egiten diete adinekoei eta langabetuei", eta azpimarratu du talde sozialistak ez duela Plateruenera 313.000 euro bideratzea "partekatzen". Plateruena dela eta, alderdi sozialistak bertan adinekoentzako egoitza bat atontzea proposatu duela jakinarazi du Iker Urkiza zinegotziak. Azken honek, proposamena "zentzugabea" dela iritzi eta errefusatu egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!