PLATERUENAREN IREKIERA

Durangoko Udalak bere gain hartuko du Plateruenaren kudeaketa

Aritz Maldonado 2022ko aza. 29a, 12:25
Patxi Lakuntza, Maider Larrañaga eta Ane Abanzabalegi.

Irekiera ofiziala 2023ko martxoaren 3an izatea gura dutela aurreratu dute Durangoko Udaleko kideek. Hala ere, gabonetarako "programazio xume eta herrikoi" bat garatzeko lanean ari dira. Maider Larrañaga izango da Plateruenako arduradun berria. "Erronka zaila izango da, baina gogotsu nago", azaldu dute prentsaurrekoan. Urte askoan San Agustin kulturgunean egin du lan Larrañagak. 

Plateruenaren kudeaketa bere gain hartzea erabaki du Durangoko Udalak. "Bi irtenbide nagusi genituen mahai gainean. Alde batetik, kudeaketa lehiaketa publikora atera eta berau enpresa edo elkarte pribatu baten esku uztea, ala Durangoko Udalak kultur eskaintzaren kudeaketa bere gain hartzea. Gauzak horrela, bigarrenaren alde egin du udalak", azaldu du Ane Abanzabalegi zinegotziak. Honenbestez, Plateruena San Agustin kulturgunearen, Arte eta Historia museoaren edota Musika Eskolaren maila berean egongo dela argitu dute. "Apustu handia egin dugu azken urteetan kulturaren alde, baina kontziente ginen Plateruenak utzitako hutsuneaz. Orain hutsune hori ilusioz eta baliabide publikoz betetzera goaz, kulturgintzan, osasungintzan bezala, zerbitzu publiko duin batzuen alde egiten dugulako", gehitu du Patxi Lakuntza zinegotziak. 

2023ko aurrekontuetarako 313.000 euroko partida aurreikusi du Durangoko Udalak. Gabonetako egitarauaren ostean, "barne lanak zehazteko, eta Plateruena berriaren izaera definitzeko lanei ekingo diote. Martxoaren 3an irekiera ofiziala egin gura dute. 

Kultur mahaia

Plateruenaren kudeaketa Durangoko Udalarena izango den arren, Kultur mahaia izeneko elkargune bat sortuko dutela azaldu dute udal ordezkariek. "Herriko eragileel parte hartu ahal izateko helburua du kultur mahaiak. Plateruena moduko espazio batek erabilera asko izan ditzake eta durangar guztien iritziak ezagutu nahi ditugu. Kultur Mahai horrek entzuketa aktibo eta elkarlan hori sustatu gura du".

EAJ kritiko

Bestalde, Durangoko EAJ kritiko agertu da eta Plateruenako kudeaketa eredua alde bakarretik erabakitzea salatu du. “Beste behin, gobernu-taldeak alde bakarrez hartutako erabaki batekin topo egin dugu. Gobernu talde honek harritu egiten gaitu duen gardentasun eta informazio faltarekin”, kritikatu du Mikel Ortega EAJko zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!