Durango Rugby taldeak 2.158 euroko dohaintza egin dio Geu Be elkarteari

Anboto 2022ko aza. 24a, 19:30
DRTko, Geu Beko, La Caixako eta San Antonio ikastetxeko kideak gaur DRTko egoitzan.

Maiatzeko errugbi topaketetan batuko dirua da.

Durango Rugby Taldeak umeentzako errugbi topaketa antolatzen du 2011z geroztik. Kirola elkartasunarekin uztartzen den aurtengo topaketa maiatzean burutu zen eta Geu Be elkatearen alde batu zuten dirua. Durangoko eta Abadiñoko institutuko, Kurutziaga ikastolako eta Jesuitak, Nevers, Zabalarra, Kurutziaga eta San Antonio ikastetxeetako 1.607 ikaslek parte hartu zuten topaketan. Bertan jasotako 658 euroei, Caixabankek emandako 1.500 euro gehitu behar zaizkie. Beraz, azkenean 2.158 euro batu dituzte eta gaur eman diote dirua Geu Be elkarteari DRTren egoitzan egindako ekitaldian.

La Caixako Xabier Renteriak halako ekimenak goraipatu ditu. "Gure ateak beti zabalik daude horrelako proiektuak aztertzeko". San Antonio ikastetxeko Oier Urigoitiak egitasmoak sustatzen dituen balioak azpimarratu ditu. "Hezten ari garen belaunaldiari mesede egiten diete horrelako ekimenek". Azkenik, Geu Beko Nekane Azkarate "oso esker oneko" agertu da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!