Azaroak 25

“Gizarteko sektore batek errekonozitzen ez duen biolentzia mota dezente dago”

Joseba Derteano 2022ko aza. 22a, 08:13

Matilda Noriegak giza eskubideen defentsan dihardu gazte gaztetatik eta esperientzia asko pilatu du urte askoan. Guatemalakoa jaiotzez, Bilbon bizi da gaur egun eta hemengo elkarteekin kolaboratzen du. Gaur, 18:00etan, 'Migrazioa eta aterpea, transitoan jarraitzen dugu' izeneko berbaldia emango du Andragunean. 

Zertan datza hitzaldia? 
Migratzeko beharrizana areagotzen duten arrazoiak bistaratzea eta ezagutaraztea da hitzaldiaren helburua. Erakustea jatorrizko herrialdean zer biolentzia mota jasaten dituzten emakumeek eta ulertzea migratzeko erabakia aske hartzen den ala azpigaratutzat hartzen diren herrialde askotan dauden egitura politiko eta patriarkalek inposatua den.

Migratzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke.
Bai. Atzerriko esku-hartzea, estraktibismoa, korrupzioa, gizarteen egiturak… eta horietatik eratortzen diren biolentziak. Horrek guztiak mugatu egiten du emakumea subjektu aktibo izatea erabakiak hartzerakoan eta, eskubideei dagokienez, zaurgarritasun egoeran ipintzen ditu.

Jatorrizko herrialdeetako egoerara mugatuko zara hitzaldian?
Ez. Herrialde batetik besterako mugimenduari eta helmugari buruz ere arituko gara. Helmugako isilpeko biolentzia ere jorratuko dugu; bazterkerian, desberdinkerian, arrazakerian eta abusuetan oinarrituriko biolentzia, zeinetan sistema kapitalistan ezarrita dagoen. Inklusio ez inklusiboa da, azken finean. Sinestarazten digute entzuten dutela, aintzat hartzen dituztela guk esandakoak eta kasu egiten digutela, baina ez da horrela. Horren gainean hausnartuko dut hitzaldian zehar, eta azkenean ariketa bat egingo dugu bertaratzen garenon artean.

Zelako ariketa?
Galdetuko diogu geure buruari zelan jokatuko genukeen migratzera behartuta egongo bagina. Zeri egin beharko geniokeen aurre. Hausnarketa horregaz, bestearen tokian ipinita ezagutu genezake zelan jokatu behar dugun migratzaileekin. Azken batean, Euskadi ere herri migratzailea izan da iraganean, bere herrialdetik irtetera behartuta egon dira lagun asko. Memoria eginda, gertatu dena aztertuta eta kontzientzia bat hartuta, herrialde lez migratzaileen egoera kudeatzeko estrategia hobeak irten daitezke.

Zure ustez, zertan hobetu daiteke?
Lehenengo eta behin, kontzientzia oro etxetik harturikoa da. Baina etxeak mundu zabalean gertatzen denetik aldenduta badaude, burbuila desberdinetan egongo balira lez, ez da egoerekiko pentsamendu kritikorik garatuko eta gizartea ez da euretan murgilduko. Eta gizartea arazoetan ez murgiltzearen faktore nagusienetarikoa kapitalismoa da. Kapitalismoak kontsumismoa eta materialismoa baino ez ditu sustatzen, eta errutina horretan sartuta gaude. Esklabismo mota bat da, kartzela moduko bat, eta ez digu munduko beste toki batzuetan zer gertatzen den ikusten uzten. Ez dugu pentsatzen erositako produktu asko nondik datozen eta zer baldintzatan dauden herrialde hartako pertsonak. Eta guk ez badugu pentsatzen, nekez pentsatuko dute gure seme-alabek. Begiak zabaltzen ikasi behar dugu, eta hezkuntzan eragiten. 

Migrazioetan jasaten den biolentzian badago alderik jatorri batekoa ala bestekoa izan?
Begiratu diezaiogun Ukrainako gerran gertatzen ari denari. Zer irtenbide ematen zaien hango migratzaileei eta beste toki batekoei. Gerra bat sekula ezin daiteke justifikatu, baina zergaitik aktibatu dira arau batzuk hango migratzaileentzat eta beste batzuentzat ez? Europarrak eta zuriak direlako. Siriarentzat ez ziren aktibatu, esaterako; ezta Afrikako eta Hegoamerikako migrazioentzat ere. Baina, behintzat, mekanismo horiek aktibatu direnean, denok konturatu gara gauzak gertatu daitezkeela horretarako borondatea badago. 

Emakume migratzaileek jasaten dituzten biolentziak mota askotakoak izan daitezke.
Bai. Oso zaurgarriak diren eta etengabe gatazkan egon diren lurraldeetan biolentzia argiagoa eta begi bistakoagoa da. Baina Europako herrialde askotan, Espainian eta Euskadin barne, gizarteko sektore batek biolentzia modura errekonozitzen ez duen biolentzia mota dezente dago. Zeintzuk diren? Esplotazioa, nagusikeria, diskriminazioa, bazterkeria, gainerakoek ezer ez dakitela pentsatzea, pobre, exiliatu edo errefuxiatu lez estigmatizatzea… Ondorioz, biolentziak normalizatu egiten ditu eta ikusezinak dira: pentsatzea paperik ez duen hori gutxiago dela, emakume latinoak odolberokoak eta emagalduak direla… Horrela, biolentzia isil horiek abusu bihurtzen dira azkenean. Esaterako, zaintzan barruko langile modura lan egiten duten emakumeak bortxatu egin izan dituzte eta abusuak jasan dituzte kontratatu dituztenen partetik. Edo nekazaritza eremuan izaten diren abusuak, non egun osoan lan egin ostean ez dieten ordaintzen. 

Beraz, oraindino asko dago egiteko.
Bai, eta erakundeetan horren inguruan egin beharreko hausnarketa beharrezkoa da. Migrazioak onartzen dira, herrialdeak diren neurrian lege batzuk kunplitzera behartuta daudelako, baina protokolo hutsa da. Gero, prozesu migratzailea gertatzen denean espazio hartzaileak ez dira existitzen, eta ezta aterpe bat eskatzeko prozedurak ere. Existituko balira, ez litzateke instituzioaren aldetik erregularizazioaren inguruan bizi dugun problematikarik egongo lan bat bilatzerako orduan edo ikasketen homologazioan. Horrez ginera, beldurra ezartzen zaigu. Beldurra zirkunstantzia edo egoera berriekiko. Gai hauek guztiak hitzaldian jorratuko ditugu.

Migratzaileen egoerak gertutik ezagutu dituzu.
14 urte nituenetik giza eskubideen defendatzailea naiz eta Hegoamerikako eta Erdialdeko Amerikako egoera asko ezagutu izan dut bertatik bertara. Ekialde Ertainean nazioarteko boluntariotza egiteko aukera ere izan dut. Bestalde, gaur egun, Bilbon, ni bizi naizen esparru honetan, giza eskubideak kunplitu daitezen lan egiten dut. Giza eskubideak ez direlako negozio bat. Horregaitik, hainbat elkartegaz kolaboratzen nabil neure kontura. Esaterako, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeko 'Mujeres en Marcha' egitasmoan kolaboratzen dut. Horrela, egoera asko gertutik ezagutzen dut, nigana etorri eta kontatu egiten dizkidatelako. Mota askotako egoerak ezagutu izan ditut. Ikus-entzunezkoen sortzailea naizen aldetik ere beste esperientzia batzuk ezagutu izan ditut.

Zure ikus-entzunezkoen artean, 'Bidea Gurutzatuz' zikloaren barruan hilaren 29an Durangon bertan aurkeztuko duzun 'Guatemala 1982' dago.
Bai, Kalifornian dagoen Guatemela Films ekoiztetxeko ordezkaria naiz eta haren bitartez egindako dokumentala da. Pertsona migratzaileek sorturiko ekoiztetxea da. Dokumentaleko zuzendaria Guatemalako militarrek bahitu eta torturaturiko pertsona bat da. Dokumentala eman ondoren, solasaldi bat egingo dugu denon artean. Emanaldia Durangoko Elkartegian izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!