Durangoko patinaje pista abenduaren 23an zabalduko dute

Anboto 2022ko aza. 18a, 12:50

Udalak lehiaketa publikora atera du Gabonetako patinaje pistaren kudeaketa. Izotza mantentzeak kostu energetiko handia duela eta, udalak patinaje sintetikoko pista lizitatzea erabaki du. Azpiegitura abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra egongo da zabalik. 

Durangoko Udalak patinaje pista berreskuratuko du aurtengo Gabonetan. Horretarako gunea atonduko du Landako Guneko lehenengo moduluan. Pista abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra egongo da erabilgarri, berritasun batekin. Izan ere, izotzezkoa barik, material sintetikoz eginikoa izango da. Udalak aztarna ekologikoa gutxitzea gura du horrela, izotza mantendu ahal izateko "kontsumo energetiko handia" behar dela arrazoituta. Patinaje pista ipintzea PSE-EEk ipinitako baldintzetako bat izan zen, gobernu taldeagaz 2022ko udal aurrekontuak adosteko. Udal iturriek azaldu dute horrelako instalazioek "tokiko merkataritzan eta ostalaritzan egiten den kontsumoa sustatzen lagundu dezaketela". Azpiegitura 60.000 euroko oinarrizko prezioagaz atera dute lizitaziora. 

Bestalde, Udalak iazko Gabonetako argi kopuru bera instalatuko du kaleetan. Argiak abenduaren 5ean isiotuko dituzte, pizte iraupena mugatuta. Hain zuzen ere argiztapenerako ordutegi bat finkatuko duela iragarri du udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!