Durango Rugby Taldeko kideek urtero-urteroko ohiturari eutsi diote. Movember mugimenduagaz bat eginda, egitasmo berezi bat ipini dute martxan. Txokolate tabletak kaleratu dituzte, salmenta horretatik ateratzen den dirua prostatako eta barrabiletako minbiziaren prebentziora eta ikerketetara bideratzeko. Tabletok 10 euroan eskuratu daitezke rugby taldeak Goienkalean duen tabernan, Saltsan katering dendan (Kurutziaga kalea), eta Andra Marin (azaroaren 19an eta 26an). Horrez gainera Mov-pultserak ere ipini dituzte salgai, euro bian. Abenduaren 1ean, berriz, jai berezi bat egingo dute: Mov Day. Pintxopote berezi bat, photocalla, opari zozketa eta otzara baten ozozketa egingo dute Saltsan, Mesoi Berria eta Izarbide establezimenduak lagun.
Durango Rugby Taldeak Movember mugimenduagaz bat egitera animatu ditu herritarrak: "DRT taldetik klub desberdinetako jokalari, zale zein zuzendaritza kide eta Durangoko gizarte guztiari parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Nola? Bibotea utziz, argazkiak atereaz eta sare sozialetan denekin elkarbanatuz". Horrez gainera, mugimenduko kide egitera deitu dute, www.movember.com web orrian izena emanda.
Movember fundazioa 2003an sortu zen Australian. Gazte talde batek bibotea hazten uzteko erabakia hartu zuen, ekintza sinboliko horrekin prostatako minbiziaren arriskuez kontzientziatzeko. Fundazioak barrabiletako eta prostatako minbiziaren aurkako 125 ikerketatan esku hartzen du gaur egun. 2021eko edizioan, Movember fundazioak 77,7 milioi euro bideratu zituen ikerketara. DRTren egitasmoak 2.500 euro baino gehiago batu zituen iaz Durangon.
Txokolate tabletak 10 euroan eskuratu daitezke Saltsanen eta DRTren Goienkaleko tabernan. Andra Marin ere eskuratu ahalko dira azaroaren 19an eta 26an.