Zenbat urte Kriskitinen?
Pili Alberdi. Ni hasiera-hasieratik.
Nerea Zarandona: 14 urte nituela Herri Maite taldeko zuzendari Antonio Nuñezi laguntzen hasi nintzen. Antoniok utzi zuenean, Nagore Goikoleak, Juan Antonio Aromak ...denok jarraitu genuen.
P.A.: Aroma hasieratik dabil. Sorreratik jarraitzen dugunok Aroma, Miren Zamakona eta hirurok gara.
Pili, gogoratzen duzu zelan sortu zen taldea?
P.A.: 1986an Durangoko Euskal Jaia antolatu zen Ezkurdin. Gau Txori, Txoritxu Alai eta Tronperri Zaharra taldeek parte hartu zuten. Gu ikustera joan ginen eta pentsatu genuen gure inguruko gizonak dantzan egiteko gauza baziren, geu ere izango ginela. Horrela, urte horren amaieran Kriskitin sortu genuen. Ikuskizun bat antolatu genuen 1987ko maiatzaren 30ean. Apurka-apurka taldera jende gehiago batzen hasi zen.
N.Z.: Gogoan dut hasierako ikuskizun hartan musikariok espektakuluaren erdian ere aritzen ginela dantzariek arropa aldatu ahal izateko.
P.A.: Hurrengo pausoa gure umeak dantzan sartzen hastea izan zen. Eguen Zurin eta Bizerdantzan, esate baterako. Hortik aurrera, 22 neska eta 22 mutileko taldea sortu genuen. Urterik onenak izan ziren horiek. 1995etik aurrera, Ezkontza Aintzinako Erara bost urtero antolatzen genuen. 2020koa ez genuen egin, COVIDagaitik. Etenaldi hori oso gogorra izan zen dantza munduarentzat, berriro hastea kosta egin zaigu eta.
Beherakada hori orokorra da beste herri batzuetan ere. Transmisio arazo bat dago?
P.E.: Dantzak ez du lehen besteko erakartasunik ume eta gazteen artean. Ez dakigu zelan ekarri umeak eta gazteak geurera. Talde batera disfrutatzera etorri behar da.
N.Z.: Gainera, gazteak ez dira sartzen begirale edo monitore legez.
Taldeak izan du gorabeherarik?
P.A.: Bai, jakina. 90eko hamarkadan beherakada egon zen, baina gero berriro indartu zen. Horren osteko loraldian ikuskizun ederrak egin genituen. Tradizioa zainduz, ikuskizun berriak egin genituen. Orain, ume eta gazteen taldea daukagu eta baita Miren Zamakonaren helduentzako taldea ere. Plazako dantzak irakasten ditugu eta 70 lagunek partze hartzen dute; emakumeak dira batez ere.
Durangaldean Dantzari Dantzaren arloan berdintasunaren aldeko bidea zabaldu zenuten Izurtzan ospatu zen Durangaldeko Ezpadantzari Egunean. Zelan bizi izan zenuten hori talde barruan?
P.A.: Gogorra izan zen, bagenekielako kritikak izango genituela. Baina kritikak dantza taldeen aldetik jaso genituen, ez herritarren aldetik. Guk pentsatu genuen horixe zela momentua, eta bagenuela gaitasuna. Beste arlo askotan lorturiko berdintasuna zergaitik ez dantzan? Ilusioagaz geunden eta errespetu guztiagaz dantzan egin genuen. Denborak jendea bere lekuan ipintzen du eta beste taldeek ere dantza parekideak bultzatu dituzte. Egun horretaz gainera, gogoratuko nuke orain 5-6 urte Kriskitineko Maider Zubizarretak kaxarranka dantzatu zuela. Bestalde, orain dela gutxira arte plazan eurek bakarrik dantzan egiterakoan gizonak protagonista sentitu dira, badirela nor. Neskak sartzerakoan ikusi dute orain ez direla hain protagonista. Orain, dantza talderik gehienetan neska kopurua handiagoa da, mutil gutxi dago. Gure taldean, 7tik 17 urtera arteko ume eta gazteek Dantzari Dantza ikasten dute. Ia denak neskak dira.
Zer ikusiko dugu zapatuko ekitaldian?
P.A.: Belaunaldi asko batuko gara, kasu askotan familia bereko belaunaldi bi irtengo dira oholtzara. Gure kasuan, hiru belaunaldik parte hartuko dugu, nik neuk, alabak eta ilobak. Hori guztia antolatzea itzela izan da. Dantzari batzuek bi eta hiru arropa aldaketa egingo dituzte. 125 dantzari igoko dira oholtzara eta 235 jantzi erabiliko ditugu.
Dantzari eta musikari ohiek zelan hartu dute urteurrenean oholtzara igotzeko gonbita?
N.Z.: Musikariek oso ondo. 15 bat musikari batuko gara. Batzuek instrumentua utzita izan dute eta ekitaldi honetarako berriro entseatzen hasi dira. Kriskitineko familia berriro elkartzeak ilusio handia egiten digu.
P.A.: Taldean gaztetan egon ziren batzuek ikasketengaitik utzi zuten eta orain berriro elkartzea oso polita da. Emozionatu egin nau denok berriro elkartzea denbora pasatu izan ez balitz lez.