Elkartasuna lantzea hondakin kopurua gutxitzen den bitartean. Posible da? Jesuitak ikastetxeko ikasleek, behintzat, bide horri heldu diote. Datu batetik abiatu dute dena: ikastetxeko jantokian 650 bat menu ematen dituzte egunero-egunero, baina euretariko batzuk zerbitzatu barik geratzen dira. %5 inguru. Hori dela eta, salmenta makina bat ipini dute Kurutziaga kalean, beharrizana daukanak bertatik menuak debalde eskuratzeko aukera izan dezan. Norabide biko proiektua egin dute horrenbestez. Janaria alferrik galtzea eragozten dute batetik, eta beharrizana duenari laguntzea lortzen dute bestetik. Ikasleak arduratuko dira zerbitzua kudeatzeaz, eta bidelagun izango dituzte beste hainbat eragile. Tartean, Residuos Cero Fundazioa, Ausolan elikadura enpresa eta Durangoko Udala.
Ikasleak boluntario
Makina egunero-egunero betetzeaz eta gainbegiratzeaz ikastetxeko ikasle talde bat arduratuko da. Alba Gómez da euretariko bat. "Gazteak gara eta gure laguntza eskaini gura dugu boluntario lez. Ontziratutako elikagaiak makinan sartu, garraiatu eta iraungitze data kontrolatuko dugu", adierazi du. Ima Garrastatxu alkateak proiektuaren elkartasun balioak goraipatu ditu. "Pozgarria, polita eta interesgarria da proiektua, eta azpimarragarria iruditzen zait gazteengandik sortutako zerbait dela. Oso garrantzitsua da elkartasuna, komunitatea sortzea. Durangoko Udala beti egongo da horrelako proiektuak laguntzeko prest", esan du. Udalak urtebeteko konpromisoa hartu du proiektua bultzatzeko. 8.000 euro bideratuko dituzte egitasmora.
Proiektuan esku hartzen duen beste eragile bat Residuos Cero fundazioa da. Álvaro Saiz jakinarazi du uneoro izango dutela makinan gertatzen dabilenaren berri. "Elikagaiak zein tenperaturatan dauden, zer hartzen den, zenbat lehenengo eta bigarren plater hartzen diren. Monitarizazioa inportantea da janaria alferrik galtzea ekiditeko. Batez beste, menuen %10 zerbitzatu barik geratzen dira, Jesuiten kasuan %5era jaisten da kopurua", adierazi du. Residuos Cero Fundazioak beste hiru proiektutan esku hartzen du Durangokoaz gainera. Etxebarrin, Azpeitian eta Hernanin. Ausolan enpresako kideentzat, bestalde, eskola sukalde batean halako zerbait egiten duten lehenengo aldia izango da. Monika Cabo arduradunarentzat "erronka handia" da proiektua, jatekora barik hondakinak gutxitzeari begirakoa ere badelako.