Teilatua, Durangoko institutuko ikasgela berria

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 12a, 11:50

Matematika, kimika, teknologia edo lorezaintza klaseak, non eta sabaian. Zergaitik ez? Durangoko institutuak ikasgela bihurtu du bere instalazioetako teilatu txatal bat. Loreontziak, landareak eta eguzki plakak dituzte han-hemenka. Eta bai, herri hizkerak dioenaren kontra, ezinezkoa dela dirudien hori bete dute: txapel bakarragaz buru bi estaltzea. Izan ere, berdurak eta loreak lantzen dituzte, horien bitartez matematika, kimika zein teknologia lantzeko. 

Dena 2020-2021 ikasturtean hasi zen, STEAM izeneko proiektuaren barruan. Durangoko institutua programa horren zati da 2017tik, eta azken edizioan hiri-ortu bat sortzeko erronka hartu du bere gain. DBHko ikasleak daude horren atzean. Lehenengo eta bigarren mailakoak, baina proiektua apurka-apurka goragoko mailetara zabaltzea da ikastetxeko komunitatearen erronka. "Proiektu bidezko ikasketa sistema da, ikasleek sortzen dute dena. Ortu alorrak eurek diseinatu dituzte, materiala eta hesolen aurrekontua eurek kalkulatu dute. Zenbat ongarri behar den kalkulatu dute, bolumenak, PH indizea neurtu,... ", adierazi du Gloria Agirrebeitia Orue teknologia irakasle eta STEAM proiektuko arduradunak. Proiektua Zereginen Ikasketa Gelako (ZIG) kideekin batera garatzen dabiltza. "Bertan arotz bat eta agronomo bat ditugunez, proiektuak DBHko eta ZIG gelako ikasleen arteko integrazioa lantzeko ere balio digu", gaineratu du Agirrebeitiak.

Ikastetxea "berdeagotzen"
Une honetan neguko ortuariak dituzte teilatuko ortu-terrazetan. Brokolia, aza, erremolatxa, zerba, rukula, berakatza, borraja, letxuga eta porruak. "Baina loreak ere baditugu. Hori inportantea da, adibidez, polinizazioa zer den azaldu dezakegulako, gaixotasunak zelan sortzen diren aztertu dezakegulako", azaldu du Jone Zuazo Olariagak, fisika-kimikako irakasle eta hiri-baratzeko arduradunak. "Ikasleek ateratako landareak ere baditugu, kosmosak eta betibizi loreak, adibidez. Fruitu txikiak ere bai, hala nola arakatzak eta andere-mahatsa. Horrez gainera, botatzear dauden elementuak hartu eta bigarren erabilpen bat ematen diegu", esan du Zuazok. Azken finean, ikastetxeko inguruak, izan teilatua edo patioa, "berdeagotzeko" asmo sendoa dute irakasle biek.

Ikuspegi ekologiko hori ikastetxeko beste arlo batzuetara ere zabaltzen da. Adibidez, ikastetxeko instalazioak energia berriztagarriz hornitzeko proiektuetara. Teilatuko ortuarietatik metro gutxira hainbat eguzki plaka dago. Horiek ere baliatzen dituzte ikasketetarako. Halantxik azaldu dute Maialenek, Libek eta Luciak, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek: "Teknologiako klasean eguzki plakei buruzko proiektua garatu genuen iaz. Klasean erabiltzen den argindarraren zati bat plaka hauetatik dator", azaldu dute. 

Geroago eta gehiago dira eskualdeko eraikin publikoetan instalatzen diren eguzki plakak. Ez hainbeste sabaian hiri-ortuak dituzten eraikinak. Institutuan biak konbinatzen dituzte. Etorkizuneko joera berri baten aurrean ote gaude?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!