“Inpotentzia egoera zabaldu gura dute ultraeskuinaren mesedetan”

Aritz Maldonado 2022ko aza. 14a, 11:50

Azaroaren 16an 'Bideak gurutzatu' ekimenari ekingo diote Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan. Patricia Simón gerra berriemaile eta idazleak berbaldia emango du lehenengo egunean. 'Miedo. Viaje por un mundo que se resiste a ser gobernado por el odio" liburua aurkeztuko du. Azken hogei urteetan dozena bat herrialde baino gehiagotako bizipenak batzen ditu liburuak. Olatu atzerakoiaren gainetik, "biziraute, erresistentzia eta elkartasun" istorioak batzen ditu.

Zelako eragina du beldurrak?
Gizateriaren historian beldurrak eragin handia izan du, baina iruditzen zait 2008tik oraindino gehiago. Beldurra estrategia bat da, gehien erabiltzen den arma politikoa. Sinestarazi gura digute dena amaitu dela eta ez dagoela beste aukerarik, baina errealitatea beste bat da herrialde guztietan. Inpotentzia egoera hori zabaldu gura dute boteretsuek, populisten eta ultraeskuinaren mesedetan. Testuinguru horregaz, interesgarria iruditu zait erradiografia bat egin eta liburuan azaltzea. Sozialdemokraziak eta ultraeskuinak, orokorrean, gure arazoen arduradunak etorkinak direla diote, eta liburuan iruzur hori desmuntatzen dut.

Lau beldur desberdin identifikatzen dituzu liburuan.
Kalitatezko enpleguaren faltak eta gure seme-alabek gureak baino aukera eskasagoak edukitzeak beldurra sortzen digute, adibidez, eta ingurukoak seinalatzen ditugu, benetako arduradunak seinalatu beharrean. Besteei beldurra, pobreziari beldurra, bakardadeari beldurra, eta heriotzari beldurra identifikatzen ditut. 

Hogei urte eta hogei bat herrialde batzen dituzu. Oso desberdinak gara?
Nazioarteko kazetaritza eta nazionala egin ditut. Liburuan, Espainian gertatzen direnak eta munduko beste lurraldeetan gertatzen direnak lotzen ditut. Olatu atzerakoia ez da Mendebaldeko kontua bakarrik, mundu arabiarrean ere gertatzen ari da. Voxen, Trumpen, Bolsonaroren eta Erdoganen ultraeskuinak eta fundamentalismo arabiarrak antz handia dute. Toki askotan egon naiz, baina ez dira kronikak agertzen liburuan; Sierra Leonako Errepublikan bizi den pertsona batek eta Euskadiko batek bizi dituzten egoerak ez dira hain urrunekoak, eta hori erakutsi gura dut liburuan. Gizarte globalean bizi gara eta horrek eragina du. Horrez gainera, komunikabideetatik zorigaitzei buruzko berriak zabaltzen dira une oro. Sarri esaten da herritarrek ez dutela interesik berriekiko, baina ez da hori; herritarrekiko enpatia gehiago erakutsi behar da, askotan egitasmoak egiten baitituzte horri buelta emateko.

Zer egin daiteke komunikabideetatik?
Komunikabideak informazioa testuinguruan ipintzeaz arduratu behar dira. Gizarte espainiarraz aritzerakoan, adibidez, azaldu beharko litzateke 2008tik krisi ekonomikoak kateatu dituen gizarte bat dela. Munduan gizarterik seguruenetarikoa izan arren, etxetik irten eta etxea okupatuko dizuten sentsazioa du jendeak. Eta datuek diote hori ez dela horrela, jardun minoritario bat dela. Kazetaritzak gertatzen dena kontatu behar du, datuekin. Eta paralizatu barik ere. Begira Berta Caceresen [2016an hil zuten ekintzaile hondurastarra] kasua. Denboragaz Nelson Mandelaren mailan ipiniko dute giza eskubideen defendatzaile lez. Azken finean, emakume ekintzaileak dira lurraldeetara heldu eta lurrekin, uragaz eta mineralekin geratzen diren multinazionalen jarduna oztopatzen dutenak. Kazetaritzari dagokio hori kontatzea eta "diruaren ibilbidea" nabarmentzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!