Eguerdi honetan terrorismoaren biktimak gogoratzeko lore-eskaintza egin dute Ezkurdin, Justizia Auzitegiaren aurrean kokatuta dagoen monolitoan. ETAren biktimak egon dira bertan, tartean Mari Carmen Hernández, ETAk eraildako Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna. Horrez gainera, EAJko eta PSE-EEko ordezkariak izan dira bertan. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak esan duenez, "topaketa txiki honek ez du terrorismoak eragindako ezer konponduko, eta ez du sufrimendua arinduko. Baina gutxienez, gertaturikoa beti gogoratzeko eta biktimak behar bezala omentzeko balio du".
Durangoko Udalak beste ekitaldi bat du deituta arratsalde honetarako. Kurutziaga kaleko monolitoan "terrorismo guztien biktimak gogoratzeko" ekitaldia egingo dute, 19:00etan. Gobernu taldeko kideak bertan izango dira, eta ekitaldian parte hartuko duela ere iragarri du EAJk. PSE-EE, aldiz, ez da egongo. Halantxik jakinarazi du Jesica Ruiz zinegotziak. "Omenaldia egiteko lekua hau delakoan gaude [Ezkurdiko monolitoa]. Iaz beste omenaldira joan ginen [Kurutziagako monolitora], hain zuzen ere, gobernu taldeak omenaldia egiteko lekuak urterik urte txandakatzeko konpromisoa hartu zuelako. Baina ez dute berba bete", adierazi du Ruizek.