Bizkarragaz batera Saioa Alkaiza, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Aitor Mendiluze eta Julio Soto arituko dira kantuan. Ane Ezenarro izango dute gai jartzailea. Durangoko kanporaketa saioa 17:00etan hasiko da.
Zapatuko saioak erabakita utziko du zein hamazortzi bertsolarik parte hartuko duten finalaurrekoen bigarren itzulian. Durangoko saioko irabazleak Bilbon kantatuko du, finalaurrekoen azken saioan, abenduaren 3an. Orain arteko hiru sailkatuak Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Alaia Martin dira.