Durangoko Musika Hamabostaldia familientzako 'Cirkus' emanaldiagaz abiatuko dute zapatu honetan

Anboto 2022ko aza. 9a, 15:05
Alfredo Sanz musika eskolako irakasle eta Hamabostaldiko koordinatzailea, Durangoko Udaleko Jorge Varela, Xabier Arana Arandoño kultur elkarteko kidea eta Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari orokorra gaurko aurkezpenean.

Euskadiko Orkestraren 'Cirkus' proiektuak malabareak eta magia-jokoak musika klasikoarekin uztartuko ditu San Agustin kulturguneko emanaldian.

Durangoko Musika Hamabostaldia aurkeztu dute gaur. Aurtengo 33. aldia lau kontzertuk osatzen dute.  Zapatu honetako lehenengoa umeek eta gurasoek familia giroan ikusteko modukoa da. Euskadiko Orkestraren 'Zirkus' proiektuak musika malabareekin, magia-jokoekin eta clown saioekin uztartzen du. Horrela, aurreko aldietan egin moduan, Hamabostaldiak bere "ikuspegi didaktikoari" ere eusten dio, Alfredo Sanz musika eskolako irakasle eta ekimeneko koordinatzailearen esanetan. 4-5 urtetik aurrerako umeentzako aproposa da.

Arah taldea, musika eta dantza garaikidea

Hamabostaldiko bigarren emanaldian, Arah taldearen 'Bazen behin' ikuskizunak euskal musikaren eta dantza garaikidearen arteko fusioa ekarriko du San Agustinera. Garazi Etxaburu eta Miren Lizeaga izango dira dantzariak. Musikari dagokionez, euskal kantu tradizionalak gaur eguneko doinuetara ekarriko dituzte.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Aurten 100 urte egiten dituen Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) 31 kontzertu eskaini ditu Durangon 1947tik hona, baina azkenekoz etorri zenetik sei urte joan dira. 2016an lez, organu-jole batekin batera ariko dira BOS-eko musikariak. Mikel Ansola eta Beatriz Fernandez izango dira organu-jolea eta orkestrako zuzendaria, hurrenez hurren. Musika eskolak eta Arandoño kultur elkarteak elkarlanean antolatutako emanaldia azaroaren 26an izango da.

Musika eskolako Gehi Zazpi taldea

Azkenik, abenduaren 17an, Durangoko Musika Eskolako hainbat ikaslek osatzen duten Gehi Zazpi taldeak zuzenekoa eskainiko du Kurutze Santu museoan. Talde hau 2011n sortu zuten euren errepertorioan estilo guztietako obrak dituzte, hala nola, obra klasikoak, pelikuletakoak, boleroak, eta hainbat talderen (Gatibu, Metallica…) bertsioak.

AZAROAK 12, ZAPATUA, 18:00; SAN AGUSTIN KULTURGUNEA

  • 'Cirkus', familientzako emanaldia. (Sarrera: 4 euro; 3 euro bazkideentzat eta musika eskolako ikasleentzat). Kontzertu honen helburua umeei eta euren gurasoei musikaren magia helaraztea da, zirkuaren magiari lotuz.

AZAROAK 20, DOMEKA, 19:00; SAN AGUSTIN KULTURGUNEA

  • Arah taldearen 'Bazen behin' emanaldia. (Sarrera: 8 euro; 6 euro bazkideentzat eta musika eskolako ikasleentzat). Emanaldi honek euskal tradizioa abangoardiara ekartzeaz gainera, obra berriak aurkeztea du helburu. Tradizioaren elementuak abiapuntu hartuta, dantza garaikidearekin eta perkusioarekin fusionatzen den ikuskizuna da.

AZAROAK 26, ZAPATUA, 20:00; ANDRA MARI BASILIKA

  • BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa. (Sarrera: doakoa). Arandoño kultur elkarteak eta Hambaostaldiak elkarlanean antolatutako emanaldia da.

ABENDUAK 17, ZAPATUA, 19:00; KURUTZE SANTU MUSEOA

  • Gehi Zazpi biolontxelo taldea. (Sarrera: doakoa). Gehi zazpi taldea Durabgoko Musika Eskolako hainbat ikaslek osatzen dute. Euren errepertorian estilo guztietako obrak aurkezten dira.

SARRERAK:

- tickets.kutxabank.es webgunean.

- Durangoko Arte eta Historia Museoan:  Asteartetik ostiralera (10:00-13:00 / 17:00-20:00), zapatuetan (11:00-14:00/17:00-20:00) eta domeketan (11:00-14:00)

- San Agustin Kulturgunean, emanaldia baino ordu bete lehenago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!