Durangoko gobernu taldeak "eskua luzatu" zien atzo oposizioko alderdiei, 2023ko aurrekontuei begirako akordioa lortzeko. Bada eskaintza hori egin eta ordu gutxira ailegatu da jeltzaleen erantzuna: Durangoko EAJren iritziz, gobernu taldeak aurrekontuak adosteko egindako gonbitea "itxurakeria" baino ez da. EAJren berbetan, gobernu taldeak "errealitatetik oso urruti" dagoen aurrekontu proposamena aurkeztu die oposizioko alderdiei. Zirriborro horrek ez ditu "soldatak %3,5 igotzeko ", ezta "Udalkutxak onartutako diru-sarrerak" islatzen, jeltzaleen berbetan. "Oso zaila da aldatu beharreko aurrekontu baten gainean proposamenak egitea. EAJk hainbat zuzenketa garrantzitsu egitea eskatu zuen urriaren 7an, baina oraingoz ez da moldaketarik egon. Horrek gobernu taldearen borondate falta adierazten du. Gainera, 2021eko aurrekontuen akordioak bete barik jarraitzen du", adierazi du EAJk ohar batean.
"Konfiantza girorik" eta "gutxieneko errespetu bat" ez daudela iritzita, EAJk "oso zail" ikusten du 2023rako aurrekontuak adostea. Dena dela, jeltzaleek "erabateko prestutasuna" agertu dute akordiorako, "beti ere berau betetzeko eta oposizioko alderdiekiko gutxieneko errespetua bermatzen badira". Zentzu horretan, honako emendakinak proposatu dituzte: Tabirako igerilekuen kanpoaldea berritu eta futbol zelai berri bat egitea eta Merkatu plazarentzatko behin-betiko proiektua egitea. "Eskua luzatzea ezin da prentsara bidalitako oharretara mugatu; oposizioko kide guztien benetako parte hartzeagaz egindako lanera baino", esan du EAJk.