Durangoko gobernu taldeak "eskua luzatu" die oposizioko alderdiei, 2023ko aurrekontuetan "akordio ezberdinak lortzeko". Komunikabideetara bidalitako oharrean diotenez, gobernu taldearentzat "inoiz baino beharrezkoagoa" da "batasuna". "Durangarrek akordioak eskatzen dizkigute, ez eztabaida antzuak. Horregatik, oposizioko gainerako alderdiei akordio batera heltzea proposatzen diegu, etorkizuneko Durango ulertzeko modua markatuko duten hainbat proiektu garatzeko", adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak. Hori dela eta, gogora ekarri dituzte oposizioarekin lortu izan dituzten akordioak. 2021ean EAJrekin adostu zituzten aurrekontuak; aurten, PSE-EErekin. Abstentzio truke, biak.
Datorren urteko aurrekontuek, 2023koek, 40.540.552 euro izango dituzte. 2022koek baino %4,73 gehiago. Gobernu taldeak honako arlo hauetara bideratu gura ditu inbertsio nagusiak:
- Aramotz Berritu: 1.500.663 €
- Antso Estegiz berrurbanizatzeko lehen fasea: 639.525 €
- Umeentzako parkeak ipintzea Ibaizabalen, Errotaritxuenan, Tabiran eta San Fauston: 326.000€
- Madalena plaza eta ermita eraberritzea: 385.000 € + 100.000 €
- Andra Mariko elizpearen 2. fasea: 350.000€
- Trenaren ibilbidea berreskuratzea: 200.000€ (aukera bozkatuena Aurrekontu Partehartzaileetan) + 750.000 €
- Plateruena irekitzea: 313.000 €
- Trantsizio energetikoa: 350.000€
Hauek guztiek "osagai sozial garrantzitsuak" dituztela iritzita, gobernu taldeko kideek uste dute "badagoela oinarri sendo bat oposizioarekin ulertzeko". Horrez gainera, arlo bakoitzera bideratutako zenbatekoen gorabeherak azaldu dituzte. 2019ko aurrekontuekin alderatuta, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin gobernatutako azken urteagaz alderatuta, gizarte zerbitzuetara eta sustapenera bideratutako zenbatekoa "%18" igo dela adierazi dute. Kopuruak "%74" igo dira ingurumen arloan, "%17" hezkuntzan, "%34" kulturan, "%26" kirolean eta "%172" merkataritzan eta turismoan.