Zerk eraman zaituzte uzteko erabakia hartzera?
Asier: Hasten den guztia amaitu egiten da. Erreketetan 17-18 urtegaz hasi ginen, urte asko egin dugu honetan eta oso momentu onak bizi izan ditugu. Baina bizitzako une honetan beste gauza batzuk ere baditugu gogoan: lana, alaba… Gainera, aita ere jubilatuko da.
Urko: Dugun denbora librea beste era batera aprobetxatu gura dugu, ez bakarrik erreketetarako erabili. Lan honek bere helburuak bete ditu, eta uztea erabaki dugu.
Penarik hartu duzue?
Asier: Beti ematen du pena apur bat. Baina denboratxo bat daramagu honetan pentsatzen. Toki batzuetan oso gustura ibili gara, baina udatik apirilera arteko sasoia oso intentsoa da. Orduan diozu ez duzula falta igarriko.
Urko: Gainera, pandemiak dena arindu du. Urte hauetako etenaldiaren ondoren berriro hastea oso gogorra izan zen. Denok gustura gaude harturiko erabakiagaz. Erreketen inguruan sortzen den giroa oso aberasgarria izan da, leku eta jende piloa ezagutu dugu, jaiak antolatzeko askotariko moduak.... Horregaitik ematen du pena apur bat uztea. Baina ez dut falta igarriko.
Zein da burduntzian erretzeko sekretua?
Asier: Denbora eta pazientzia behar dira. Esperientziagaz ikasten da okelak emandako seinaleak igartzen. Bestalde, altuera eta berotasun egokian parrillan mantentzeak ematen dio okelari behar den puntua. Denbora hartzea klabea da, zuku guztia ateratzeko.
Urko: Erreketak urteetan egin ondoren, esperientziagaz hartu dugu jakituria hori. Bildotsa edo oilaskoa zatitzen hasi aurretik badakigu noiz dagoen eginda.
Baduzue erreketaren bat bereziki gogoan?
Asier: Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Orbaizetatik (Nafarroa) gertu dagoen mendian egin izan ditugun erreketak oso bereziak izan dira. Nafarroako eta Iparraldeko abeltzainak batzen dituen jaia egiten dute, oso leku polita da. Behin, gainera, txahala sei zatitan moztuta etorri zen; normalean, kanalean zatituta etortzen dena. Sei zatitan moztuta burduntzian erretzea oso gatxa da.
Urko: Bai, puzzle bat egin behar izan genuen.
Pasarte asko izango dituzue.
Urko: Batzuk. Erromon, data txarto eman, eta eguna baino astebete lehenago agertu ginen erreketa egitera. Txahala erretzen hasita geunden okerraz abisatu zigutenean. Dena batu eta joan egin ginen. Beste behin ziklogenesiak harrapatu gintuen. Gauez genbiltzan lanean, eta Asier lo zegoen. Izugarrizko haizea hasi zen. Karpa ezin eutsi egon ginen.
Zuek ere baduzue ‘edabe’ berezia. Giltzapean geratuko da?
Asier: Igual saldu egin beharko dugu! (barrez). Bestela, Durangoko jaietan txapelketaren bat antolatzen denerako gorde, irabazteko.
Izango duzue tentaziorik bueltatzeko?
Asier: Ez dut uste.
Urko: Ez. Behar izana izanez gero, igual bai. Bestela ez!