Jomuga anbiziotsua da, baina arrazoi sendoetan oinarritzen dena. Alde batetik, oso talde lehiakorra dute. Iaz senior mailako talde bi atera zituzten, harrobiak funtzionatzen duen seinale, baina aurten, dela ikasketengaitik edo dela beste konturen batengaitik, jokalari batzuk baja dira eta talde bigaz errenka ibili beharrean, denak batean batzea erabaki dute. "Gurago izan dugu talde indartsu bat atera, bigaz erdizka ibili baino. Horrela, postu guztiak indartzea lortu dugu", azaldu du Oliverrek. Beraz, kalitatean irabazi dute eta kantitatean ere ez dabiltza txarto: 16 jokalari dituzte denboraldiari aurre egiteko.
Hirutik hiru garaipen
Zumitz horiekin eta Bego Oskoz entrenatzailearen aginduetara, orbanik bako liga hasiera osatzen dabiltza: hiru partidu jokatu eta hirurak irabazi. Partidu lehiatuak izan dira denak, baina, azkenean, durangarren aldera egin dute. "Ez genekien zer itxaron, hasieran pieza denak bat etortzea kosta egiten delako, baina ondo joan da eta oso pozik gaude", adierazi du Oliverrek.
Une honetan, Bizkaiko ligako hiru taldek baino ezin dute esan jokaturiko dena irabazi dutela: Sidenor Basauri eta San Adrian dira beste biak. Bada, durangarren hurrengo norgehiagoka biak euren kontrakoak dira: zapatuan Basaurira joango dira eta hurrengo asteburuan Bilboko taldea hartuko dute etxean. Beharbada aurkari zuzenen kontrako partidu bi horiek ideia argiago bat emango dute Ibaizabalen benetako mailaren inguruan. Aurrekariak behintzat aldekoak dira, Oliverrek gogoratu duenez. "Iaz garaipena lortu genuen talde bien kontra. Badakigu partidu horiek irabazita lider egongo ginatekeena, eta lanean buru-belarri gabiltza hori lortzeko", gaineratu du.
Liga erregularrak 18 jardunaldi ditu. Horren ondoren, lehenengo lau sailkatuek Lauko Finala jokatuko dute eta irabazlea Euskadiko mailara igoko da. Beraz, Ibaizabalen lehenengo helburua aurreneko lauren artean geratzea da.
Harrobi sendoa
Ibaizabalen harrobia osasuntsu dagoela esan daiteke. Urteetan "lan handia" egin dute ikastetxeekin, eta horren fruituak jasotzen dabiltza. Nesketan, haur kategoriako talde bat, kadeteetako bi eta gazteetako beste bat dute. Beraz, umetatik nagusietarainoko katea osatuta dago. Kate horri eskerrak izan ziren kapaz seniorretan talde bi ateratzeko iaz. Iraganean kadeteek eta gazteek lortu izan dute Euskadi mailako ligara igotzea.
Mutiletan, ostera, talde bat dute haur kategorian eta adar hori sendotzen jarraitzeko asmoa dute.