Durangoko eta Euskal Herriko kulturgintzan aitzindaria izan den Leopoldo Zugaza Fernández (Durango, 1932-2022) atzo hil zen, 90 urtegaz. Hitz liburu-dendako sarreran dagoen egongela Zugazaren pasiorik handienaren lekuko izan da azken hamarkadetan: liburuak. Euskal kulturaren sustatzaile honek hainbat esparru eta diziplina jorratu du.
60ko hamarkadan, frankismo betean, Zugazak Gerediaga elkartearen sorreran parte hartu zuen Carmen Miranda emaztearekin eta beste hamar lagunekin batera. Jose Luis Lizundiaren orduko etxean batu ziren lehenengoz. Mikel Onandia arte historialariak dioenez, lehenengo ekimenak arte modernoko erakusketak izan ziren. "Durangoko lokal komertzialetan Bilboko Grises eta Mikeldi galerietako artelanak ekartzen zituen eta ekimen hori apurtzailea izan zen. 1966an Zubiaurretarrei omenaldia antolatu zuen", adierazi du Onandiak. Hala ere, Gerediaga Elkartearen barruan ekimenik ezagunena Liburu eta Disko Azokaren sorrera izan zen. Kurutziaga Ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen, guraso legez.
70eko hamarkadan beste proiektu batean zentratu zen. Ezkurdiko parkean proiektu arkitektoniko berri bat diseinatzen zebiltzala jakin zuen. Horren berri izaterakoan, Zugaza arkitektoekin hartu-emanean ipini zen, eta udalaren kudeaketaren bitartez erakusketa areto bat eraikitzea lortu zuen. Kudeaketaren ardura Zugazari eman zioten. "70eko eta 80ko hamarkadetan Ezkurdiko Aretoa erreferentzia bat izan zen euskal abangoardiarentzat. Beste leku askotan, hiriburuetatik aparte ez zegoen erakusketa aretorik. Ezkurdiko Erakusketaren ondorioz, Arte eta Historia Museoa sortu zen. Konbentzituta zegoen hiriburuetatik herrietara deszentralizazioa egon behar zela eta kultura herrietara eraman behar zela", dio Onandiak. 1976an, Jesús Astigarragagaz batera, Hitz liburu-denda zabaldu zuen. Durangon antolatu zuen beste ekimen anbiziotsu bat Bilera87 izan zen, 1987an. Egitarau horren barruan nazioarteko argazkilaririk ezagunenak ekarri zituen Durangora.
Ekimen hauek guztiak antolatzen zebilela, sustatzaile durangarrak hartu-eman zuzena izan zuen sasoiko artista nagusienekin: Balerdigaz, Zumetagaz, Txillidagaz eta beste hainbategaz. "Bera bigarren mailan ibiltzen zen, itzalean, fokuetatik aparte, baina saltsa guztietan ibili zen. Dinamizatzaile bat izan da", gaineratu du Onandiak.
90eko hamarkadan, Ramón Serrasegaz batera, Zarautzeko Photomuseuma martxan ipini zuen. Gernikako Euskal Herria Museoa eta beste hainbat ekimen ere martxan ipini zituen. Aldizkari ugari sortu zuen, 1972an Ederti, esate baterako. Hitz liburu-denda bere etxea izan da beti. Bere txokoa zuen liburu-dendaren sarreran.
Arte Ederretan
Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuan aritu zen bitartean, Leopoldo Zugazak lan handia egin zuela gogoratu du Mikel Onandiak. "Patronatu horren bitartez, eraberritze eta modernizazio prozesu oso anbiziotsu bat martxan ipini zen eta Leopoldo horren bultzatzailea izan zen. Punta-puntako obrak erosi zituzten sasoi hartan, Oteizarenak, Txillidarenak, eta baita nazioarteko artistenak ere", gaineratu du arte adituak. Gaur egun, Miguel Zugaza (Leopoldoren semea) da Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria.