Maider Lopezek, Ander Berrojalbizek, Ainhoa Olasok eta Egoitz Etxebarriak beraien lanak aurkeztuko dituzte azaroan

Aritz Maldonado 2022ko aza. 2a, 15:24

Julian Rios, Ander Berrojalbiz, Maider Lopez, Ainhoa Olaso, Egoitz Etxebarria eta Ima Garrastatxu

Elurzuriren hiru heriotzak (azaroak 10) emanaldia, Hemen bizi da maitasuna (azaroak 17) film laburra eta Amantra (azaroak 18) dira aurkeztuko dituzten proiektuak. 

Durango Sor(tzaileen)leku bekagaz 16 proiektu lagundu ditu Durangoko Udalak. Horietako hiru aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur. Maider Lopezek eta Ander Berrojalbizek Elurzuriren hiru heriotzak emanaldia eskainiko dute azaroaren 10ean. Maider Lopezen arabera, dantza, antzerkia eta musika uztartzen dituen emanaldia izango da. Erdi Aroan kokatzen da Edurnezuriren ipuinaren moldaketa. "Erronka handia izan da testua ikuskizunera moldatzea". Ander Berrojalbiz arduratu da testuaz; emanaldiaz gainera, liburua ere kaleratuko dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

Ainhoa Olasok Hemen bizi da maitasuna laburmetraia aurkeztuko du Zugazan. 15 minutuko fikziozko lana da Olasorena. Bertan, Aroa Blanco aktore durangarrak parte hartu du, baita Ane Saguesek, Miren Gaztañagak eta Mila Goikoetxeak. "Horrelako bekek bultzada ekonomiko handia suposatzen dute". Laburmetraia Zinemaldian eskaini dute, eta azaroaren 11n Arriagan; Kimuak katalogoa osatzeko izendatu dute, baita ere. "Oso pozik nago lana Durangon aurkezteaz, presioa sortzen dit, baina aldi berean, etxekoen iritzia ezagutzea gura dut". Azaroaren 17an eskainiko dute laburmetraia.

Psikodelia ardatz

Egoitz Etxebarriaren "erritmo intimoak" dira Amantraren abiapuntua. "Proiektu eklektikoa da hau. Nire barruan zeuden erritmo intimoak hartu, norabide bakoak eta musikalki definitu gabeak eta horiek abiapuntu hartuta garatu egin ditugu", azaldu du musikari durangarrak prentsaurrekoan. Amantraren sorkuntzarako Paul Bañosen eta Peru Magdalenaren laguntza izan du; Bañosek ekoizle lanak egin ditu, eta gitarrak ere sartu ditu; Magdalena alde litararioaz arduratu da. Psikodelia ardatz, eta gonbidatu bereziak izango dituen emanaldia iragarri du Etxebarriak azaroaren 18rako. "Deialdira proiektu bat aurkeztu genuen, eta idea hori exekutatzera gatoz". Emanaldietarako sarrerak internet bidez erosi daitezke. 

Aurkezpenean Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eta Julian Rios alkateordeak ere parte hartu dute. Pozik agertu dira biak, beken bidez lagunduriko proiektuak aurkezteko sasoia iritsi delako. "Beste sektore batzugaz egin dugun bezala, hala nola merkataritzan edo turismoan egin dugun bezala, gure herriko kultura eta sormen ehuna babeste jarraituko dugu".

Baonzarena, barikuan

Bestalde, Durangoko Arte eta Historia museoan June Baonzaren Ama ta asunak erakusketa egongo da ikusgai barikutik aurrera. Baonza ere Durango Sor(tzailen)Leku bekaren irabazleetako bat da. Bere kasuan, amatasunari buruko hausnarketa bat plazaratu gura du, sei testigantza abiapuntu hartuta. "Zenbat bete gabeko espektatiba jaurtitzen dira emakumeen bizkar gainera? Non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez dutenen bizi esperientziak? Zer da alaba izatea?" dira planteatzen diren galderetako batzuk. "Proiektu honek erresumin horiei guztiei heldu nahi die. Adierazteko behar duten arnasgunea eskaini, azaleratu eta loratu daitezen. Gozamenari, minari, duintasun berarekin tokia eskaini, bizigarriagoak izango diren espazioak sortzeko". Azaroaren 27ra arte egongo da ikusgai erakusketa. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!