Durangoko Komertzio Bonuak eta Gastrobonuak eguaztenetik aurrera egongo dira eskuragarri

Anboto 2022ko urr. 31a, 11:24

Udalak komertzioetan baliatzeko 5.000 bonu eta taberna zein jatetxeetan baliatzeko beste 5.200 kaleratuko ditu. 10 euroko bonuekin 15 eurora arteko erosketak eta kontsumizioak egin ahalko dira. Durangar bakoitzak kategoria bakoitzeko launa bonu eskuratu ahalko ditu gehienez. 

Durangon komertzio bonuen eta gastrobonuen kanpainari ekingo diote azaroaren 2tik aurrera. Udalak bonuak ipiniko ditu salgai, herriko dendetan eta tabernetan egiten den kontsumoa areagotzeko helburuagaz. Guztira 10.200 bonu kaleratuko dituzte. 5.000 dendetarako, eta beste 5.200 ostalaritzarako. Herritarrek 10 euroan erosi ahalko dituzte bonuak, eta 15 eurora arteko erosketak zein kontsumizioak egin ahalko dituzte horiekin. Durangar bakoitzak kategoria bakoitzeko, komertzio arloko eta ostalaritzako, launa bonu erosi ahalko ditu gehienez.

Bonuak honako helbide honetan eskuratu ahalko dira eguaztenetik aurrera. Dena dela, 65 urtetik gorako herritarrek modu presentzialean ere erosi ahalko dituzte Turismo Bulegora (Kurutzesantu) edo Herritarren Arretarako Zerbitzura joanda. Kanpaina azaroaren 30era arte egongo da martxan. Hau da, erositako bonuak egun horretara arte trukatu ahalko dira kanpainara atxikitako establezimenduetan. Udalak egindako estimazioaren arabera, kanpaina bi hauek "153.000 euroko eragin zuzena" izango dute herriko komertzioetan. Gastrononuen kanpainara batu ez diren negozioek horretarako epea zabalik dute oraindik. 

Gobernu taldeak merkataritzara, turismora eta Enpresa Txiki eta Ertainetara bideratutako inbertsioak handitu gura ditu datorren urtean. 2023ko udal aurrekontuetan 707.021 euroko diru-partida zehaztu gura du aipaturiko sektoreentzat. Dena dela, honako datu hau aurreikuspena da, datorren urteko aurrekontuak onartu barik daude-eta oraindino. "Argi dugu tokiko ekonomiaren aldeko apustuan hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugula, eta hori da egiten ari garena, arlo horietarako partida %172 handituz”, esan dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!