Kataluniako Parlamentaren ondoren, Durangoko Udala izan zen Rojava, Siriako Ipar-Ekialdeko administrazioa subjektu politiko modura publikoki aitortu zuen estatu espainiarreko bigarren erakunde publikoa. Hori dela eta, kurduen ordezkaritzak Durangok egindako keinu hori eskertu du egunotan, bertara etorrita. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak elkarlanean jarraitzeko beharra aldarrikatu dute: Durango eta Rojava gerrak eta horrek gizartean dakarren sufrimendua oso ondo ezagutzen ditugun bi herri gara. Ikusten dugu gaur egun mundu mailako testuinguru batean bizi garela, non gerra bakeari gailentzen zaion. Horregatik, garrantzitsua da loturak mantentzea eta gure etorkizuneko belaunaldiek gure arbasoek bizi izan zutena ez pairatzea. Eta horretarako lan asko dugu aurretik", esan dute.
Rojavako administrazioaren aitortza ez da Durangok herri kurduarekin duen lotura bakarra. 2017an, Durangok senidetza egin zuen Kobane hiriagaz. Durango izan zen Kobanerekin senidetutako Euskal Herriko lehenengo udalerria. Hiri hori ikurra da Estatu Islamikoaren kontra lortutako garaipenagatik.