“Pole Dance-ak joko handia ematen du; gainera, beti dago zer ikasi”

Aitziber Basauri 2022ko urr. 30a, 10:30

Garazi Abraldes orain lau urte hasi zen Pole Dance egiten. Egun batetik bestera ekin zion, kasualitatez. Bilboko akademia batean ibili da, eskolak hartzen zein ematen. Orain, Historia ikasketak hasi ditu Gasteizen.

Publiko orokorrarentzat ezezaguna da Pole Dance-a. Zelan definituko zenuke?
Pole Dance-a barra bertikal bategaz egin daitezkeen irudi, mugimendu eta jolasek osatzen dute. Mugarik jarri barik. Irudi akrobatikoak egin daitezke, biraketak, dantza bakarrik... indar nahikoa erabiliz barra mugituz jardun daiteke. Joko handia ematen du; gainera, beti dago zer ikasi. Nik neuk kirol lez hartzen dut, baina hainbat aldaera dago: kirol kutsu handiagoagaz, artistikoagoa, exotikoagoa... eta arlo bakoitzean ere asko dira aldaerak. Pole Dance-a geroago eta ezagunagoa den arren, batez ere pelikulen bitartez jasoriko irudia dugu buruan, eta ez da irudi erreala. Oso abaniko zabala da.

Exijentzia fisiko handia eskatzen du?
Bai, baina zerotik hasi daiteke eta beti egiten dira aurrerapausoak; bakoitzak bere erritmora, baina lorpenak hor daude. Pole Dance-a oso konpletoa da. Indarra behar da gorputz osoan, malgutasuna, eta jarrera ere garrantzitsua da. Neurri batean, praktika artistikoa izanik, egindako guztia polito egiten ahalegindu behar da. Hasieran ezinezkoa dela pentsatu arren, hobetzea eta helburuak betetzea lortu daiteke, horrexegaitik harrapatzen zaitu.

Ez da etxean praktikatu daitekeen kirola, ezta?
Bai, askok etxean dute barra bertikala. Ez da nire kasua, etxeko sabaiak ez dit aukerarik ematen. Urteotan Bilbon ibili naiz, baina orain Gasteizen ematen dut aste osoa, eta han praktikatzeko leku bat topatu gura dut.

Edonork egin dezake Pole Dance-a?
Bai. Umeei, gazteei, helduei eta ilea urdindutakoei ere eman dizkiet eskolak. Aurreritziak baztertuz, aproposa da adin, identitate eta gorputz disidente guztientzat, normatibo eta ez normatiboentzat. Eta zalantzarik barik gomendatuko nuke, beldurrik barik. Norberak plazeretik jarritako erronka txikiak betetzeko, indarra eta malgutasuna irabazteko. Gainera, nik neuk laguntasun eta elkarzaintza handia aurkitu dut.

Zein ekarpen egin dizu?
Kirola egiteak beti egin dit ondo. Gainera, beti da aberasgarria helburuak bete dituzula ikustea. Entrenamenduetan egundoko hartu-emanak sortzen dira, eta deneriko gorputz motak ikusi daitezke, denak berdina egiten. Ahizpatasun eta laguntasun handia, eta oso giro polita topatu ditut. 

Uste duzu oraindino ere Pole Dance-arekiko aurreritzi asko dagoela?
Striper edo gogó-en irudiagaz lotzen da Pole Dance-a. Horietariko batzuek barra erabiltzen dute euren ikuskizunetan, argi dago, baina horrek ez du esan gura berdinak direnik; gauza desberdin bi dira. Hala ere, hori baino gehiago striperra biktimizatzean ikusten dut arazoa, horiekiko dugun irudian eta ez Pole Dance horregaz nahastean. Errora jo beharko genuke.

Pole Dance-an hasi gura duenarentzat gomendio bat?
Aurretik mugarik ez ipintzea norbere buruari. Lasai hartzea eta norberarengan konfiantza izatea. Beti ere gorputzari entzunez, ekina izatea, eta gozatzea. Batzuetan lehenengoan aterako da eta besteetan hamaikagarrenean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!