Pabilioi 6ren lehenengo lana da osorik euskaraz. Zergaitik orain?
Pabilioi 6k ez du euskarazko ekoizpenik egiten normalean. Hizkuntza bitan egin izan dira, baina normalean gaztelaniazko bertsioaren moldaketa bat egin izan da; asteburu batean eskaintzen zen aukera hori, eta normalean, gaztelaniazko aukera egonda, hori lehenesten zuen publikoak. Uste dugu hor publikoa galtzen zela. Urteetan euskarazko zerbait egiten ahalegindu gara, eta Gazte konpainiaren erronketariko bat ere hori izan da. Azkenean, arriskatzea erabaki dugu. Esango nuke hor aukeraketa militante bat ere badagoela. Publikoaren erdia badator ere, gure apustua hor dago.
Pabilioi 6ren zirkulurik txikienean ez dago hizlari euskaldun asko, baina egon badago. Cécile Marquette bera frantziarra da. Gure artean ere barreak egiten ditugu. Jatorrizko testua ingelesez duen euskarazko antzezlan bat egiten gabiltza, zuzendari frantziar bategaz. Txiste bat dirudi (barrez). Abuztu amaieran hasi ginen entseguekin, eta urriaren 26an dugu estreinua, Bilboko Arriagan. Azaroaren 4tik aurrera, ostera, Pabilioi 6an bertan egongo gara, bariku, zapatu eta domeka. Eskolentzako emanaldiak ere baditugu lotuta.
Eta barrura begira, zelan konpondu zarete?
Ni, adibidez, nire konfort egoeratik apur bat irten naiz. Taldekideok ez dugu aurretik proiekturik elkarregaz egin, elkar ezagutzen genuen arren. Apurka joan gara euskaraz funtzionatzeko ohitura hartzen. Nire kasuan, euskaraz egiten dudan bigarren antzezlana da. Gaztelania izan da orain artean nire laneko hizkuntza. Kideen artean, batzuek gehiago antzeztu dute euskaraz. Dena dela, euskara maila, kalitatearen aldetik ere, ahalik eta handiena izan dadin gogor lan egin dugu.
Gazte konpainian, nire helburuetariko bat programazioaren erdia euskaraz egitea zen, edo behintzat ahalegina egitea. Bilbon euskarazko antzerkizaleen publiko bat badago, zergaitik ez dugu ahalegin bat egingo horiek Pabilioi 6ra erakartzeko? Lantaldea prest zegoen eta aurrera egin genuen. Zortea ere izan dugu Arriagak estreinua erosi duelako eta horri eskerrak lasaiago lan egin ahal izan dugulako.
'Love & money'. Zer da?
Bizi dugun neoliberalismo aro honetan kokatzen da istorioa, diruak eta maitasunak izan ditzaketen talkei buruzkoa, hain zuzen ere. Adibidez, bikote harreman batean, zer gertatzen da euretariko bat zorrez leporaino badago? Gurasoen eta alabaren arteko harremanean, dirua behar denean, zer gertatzen da? Zelan eragiten du diruak norberarekiko maitasunean ere? Putzu sakon batean sartu eta bertatik irten ezin horrek gainditu egiten ditu pertsonak sarri.
Istorio honetan, pertsonaia nagusi bi daude. David da horietariko bat. Maitasuna topatzen du berriro, negozio bidaia batean frantziar bat ezagututa; email bidezko harreman bat hasten dute. Bizitzako momentu batean ekonomiak estutu egiten du, eta ez daki hortik zelan irten. Eta hor ikusten da noraino heldu gaitezkeen horrelako egoera estu bat bizi dugunean. Obra zazpi eszenatan banaturik dago eta egiturak ez du kronologia jarrai bat. Eszena bakoitza bere horretan ulertu daiteke.
Arriagan antzezten duzun lehenengo aldia da?
Tamainaz handiak diren Barakaldo eta Campos Eliseos antzokietan aritua naiz, baina Arriagan ez. Lehenengo aldia dut bertan antzezten, eta ilusioagaz nago horregaitik. Pozten naiz ere Pabilioian jarraitzen gaituen jendeak gu Arriagan ikusteko aukera izango duelako. Ilusioa dut, baina eman behar zaion garrantzia emango diot, ez gehiago.