Durango Sarietan Eneko Sagardoy, Miguel Zugaza, Elisabeth Luengo eta Jon Sarobe sarituko dituzte, besteak beste

Anboto 2022ko urr. 27a, 13:39

Gala azaroaren 5ean, 19:00etan, ospatuko da San Agustin Kulturgunean, eta Yolanda Alzola eta Peru Magdalenak aurkeztuko dute.

Aurten, lehen aldiz, Durangoko Udalak ‘Durango Sariak’ egitasmoa sortu du, herriko elkarte, klubek zein norbanakoek kirolaren eta kulturaren arloan egindako lana publikoki aitortzeko. Prozesua urte hasieran hasi zen, eta epaimahaiaren zein herritarren bozketen ostean, Eneko Sagardoy, Miguel Zugaza, Asier Aguirre, Elisabeth Luengo, Jon Sarobe, Juanjo Moreno, Karrika Antzerki Taldea eta Tabirako Saskibaloi Taldea izango dira sarituak.

Gala hori azaroaren 5ean, 19:00etan, ospatuko da Durangoko San Agustin Kulturgunean, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete udal arduradunek: “Sari hauen bitartez, Durangon arlo ezberdinetan kirolaren eta kulturaren inguruan lanean ari diren talde zein norbanakoek egiten duten lana saritu nahi da. Durangok kultur eta kirol ekosistema oso indartsua du, eta Udaletik uste dugu are gehiago aitortu behar dugula egiten duten lana”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak ohar batean.

'Durango Sariak’ atalak kategoria hauetan aitortuko ditu urtean zehar lortutako merezimenduak:

- Durangoko kirol elkartea: Tabirako Saskibaloi Taldea.

- Durangoko kirolari nabarmena: Elisabeth Luengo.

- Durangoko kirolaria edo kirol elkartea: Asier Aguirre.

- Durangoko kultur elkartea: Karrika Antzerki Taldea.

- Durangoko kultura arloko pertsona nabarmena: Miguel Zugaza.

- Kultura arloan nabarmentzen den pertsona edo erakundea: (Herri aukeraketa) Jon Sarobe.

- Sari berezia: Eneko Sagardoy.

Horrez gain, eta Durangoko Kirol arloan urte luzez eginiko lana eskertu asmoz, ‘Durango Sariek iaz zendutako Juanjo Moreno omenduko dute.

Edozein pertsonak edo erakundek hautagaitza bat edo batzuk aurkeztu ahal izan dute Durango Sarietara. Horrez gain, bi sari herri bozketa bitartez aukeratu dira, eta gainontzekoak epaimahai batek hautatu ditu.

Sarrerak eskuragarri

Galara joan nahi duten durangarrek gonbidapena jaso beharko dute Durangoko Arte eta Historia Museoan azaroaren 1etik aurrera. Gala hau Yolanda Alzola eta Peru Magdalenak aurkeztuko dute.

EAJren iritzia

Durangoko EAJk "txalotu eta babestu" egin ditu sarituak. Jeltzaleak "sari horiekin bat datoz funtsean", izan ere, Juan Jose Ziarrusta alkate jeltzaleak bultzatutako 'Durango Uria' saria izan zen sari hauen aitzindaria. “"Hala ere, beste behin ere penatu egiten gaituzte moduek, parte-hartzeaz hitz egiten duen gobernu talde honek ahaztu egiten baitu oposizioko alderdiak, herritarren ordezkari legitimoak, partaide bihurtzea. EH Bilduko eta Herriaren Eskubideak-Podemoseko ordezkariek bakarrik banatuko dituzte sariak", Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak kritikatu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!