“Pertsona lodiak jendeak izan gura ez duen gorputz hori gara, baina arazoa sisteman dago”

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 28a, 08:39

Laura Galar Pérez de Onraita (Gasteiz, 1994) Haur Hezkuntzako hezitzailea eta lodifobiaren kontrako aktibista da. Asteon lodifobiari aurre egiteko tailerrak hasi ditu Durangoko Andragunean. Tailerretan izena emateko epea zabalik dago.

Zein leku du lodifobiak gizarteko aurreiritzietan?
Biolentzia estruktural bat da, gizarteko esparru askotan ematen dena. Marta Piñeirok, Espainiako estatuan aktibismo lodiaren erreferentea denak, hiru esparru nagusi bereizten ditu: morala, estetikoa eta osasunari loturikoa. Lodifobia leku guztietan dago. Eskoletan, kalean, hartu-emanetan, osasungintzan, estetikan,... diskriminazio eta biolentzia transbertsala da. Sistema zisheteropatriarkalak, kapitalismoak eta dieta kulturak nolabaiteko aliantza bat egiten dute. Horiek egituratzen dute lodifobia, nagusiki.

Zeintzuk dira adierazpenik esanguratsuenak?
Demagun kaletik noala eta baten batek potola! oihukatzen didala. Edo jaten egoteagatik komentario bat egiten didatela, esanez normala dela nik halako gorputza izatea. Adibiderik ezagunenak horiek dira, baina beste milaka eraso dago. Demagun medikuarenera belarriko minagatik noala, eta medikuak, horri erreparatu barik, argaltzea gomendatu edo nire gorputzari buruzko iruzkin bat egiten duela. Eskola jazarpen asko dago lodifobiagaz lotuta. Hartu-emanetan ere badago zer esan. Asko izango dira lagun lodiak ez dituzten herritarrak eta zer esanik ez bikotekide lodiak ez dituztenak. Desiraren ikuspegitik ere, gureak ez dira gorputz zilegi lez hartzen. Errepresentazio kulturaletan ez dugu istorio bat. Pertsonaia nagusien atzealdean egon gara beti. Beti ipini zaizkigu rol batzuk: pertsonaia jatorra, barre eragilea, protagonistaren laguna, beti jaten dagoena. Iruditegi hori sortu eta erreproduzitu da etengabe. Inportantea da lodifobia existitzen dela barneratu eta biolentzia horri izen bat ematea. Izendatzen ez denak, bestela, ez duelako ikusgaitasunik. 

Instagram, sare sozialak,... irudiaren aroan gaude. Gainerakoei gure buruari buruzko irudi bat proiektatzeko aroan. Zelan eragiten dio horrek gorputz lodiari?
Irudiaren arlo honetan badira ikusgai egiten hasi diren gorputz lodiak. Badira modelo curvy batzuk. Aktibismo lodiaz ari garenean interesgarria da hori, gorputzen moral hori apurtzea, loditasunaren apologia bat egitea, existitzen garela adierazteko. Gazteengan sekulako eragina du gorputzen presentziak. Gorputza gu garen horren definizioa dela dirudi. Horrek eragin zuzena du gazteen nortasun eraikuntzan. Elikadura nahasmenduak ere mahai gainean daude. Honek guztiak lotura du lodifobiarekin eta gorputzaren irudi eta presentzia konstantearekin.

Horrek auto-lodifobia sor dezake?
Argi dago honek guztiak auto-pertzepzioarekin eta izan gura ez dugun horrekin lotura duela. Pertsona lodiak jendeak izan gura ez duen gorputz hori gara, neurri batean. Arazoa egiturazkoa da, kanpotik dator. Baina jendarte honetan haziak eta heziak garenez, horren kutsadura dugu. Hegemoniaren alderdiak, iruditegiak eta diskriminazioak erreproduzitzen ditugu. Problematizatu beharrekoa, baina, kanpoan dago.

"Pisua zaindu beharko zenuke", "apur bat mugitu beharko zenuke". Horrelako osasun aholkuek zein eragin dute?
Iruzkin horien atzean dagoen ideia da gure gorputzak ez direla zilegiak. Alferrak garela, esfortzurik egiten ez dugula. Iruditegi hori dago eta etengabe erreproduzitzen dugu. Ematen du osasun arrazoi horiek erabiltzea zilegia dela gorputz lodiak diskriminatzeko. 

Nondik hasi gaitezke lodifobiari aurre egiten? 
Gorputz lodi bat ez duten pribilegiatuek zapalkuntza honen existentziaz jabetu behar dute. Bestalde, beharrezkoa da neurriak hartzea. Instituzioen plangintzetan lodifobia sartzea eta gaia ikusarazten hastea, baita herri mugimenduetan eta feminismoan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!