TADUko aparkalekuak “tarifa bigun bat” izango du aurrerantzean

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 26a, 19:29

Durangoko udalbatzak TADUko aparkalekuak aurrerantzean izango dituen prezio publikoak finkatu ditu. Goizerako eta arratsalderako tarifa bana, eta debaldeko ordutegiak ezarri dituzte. Erabakiak aurrera egin du EH Bilduren, Herriaren Eskubidearen eta PSE-EEren botoekin. EAJ abstenitu egin da.

Orain arte debalde aparkatu ahal izan da TADUko aparkalekuan, Ertzaintzaren komisaldegiaren aurreko aparkalekuan. Aurrerantzean, baina, ordaindu egin beharko da. Iker Urkiza EH Bilduko zinegotziaren berbetan, azpiegiturak "prezio bigun bat" izango du. Astegunetan ordainpeko ordutegi bi egongo dira. Goizekoa eta arratsaldekoa. 9:00etatik 13:00etarakoa eta 16:00etatik 20:00etarakoa. Goizeko lau orduak erabiltzeagatik 50 zentimo pagatu beharko da. Eta arratsaldeko lau orduetan aparkatzeagatik, beste horrenbeste. 50 zentimo. Beste era honetan ere interpretatu daitezke prezioak: aparkalekua ordubetez erabiltzeagatik 0,125 euro ordaindu beharko da. Tarteko orduetan, 13:00etik 16:00etara bitarteko denboran,  debaldekoa izango da. Gauetan eta jaiegunetan ere, berdin. Dena dela, mugak ere badira. Ibilgailua 24 orduz utzi ahalko da TADUn, gehienez, modu jarraituan. Eguneko muga hori pasatzen duenak isuna jasoko du. 

Prezioak arautzeko proposamena EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak egin dute, eta proposamen horrek PSE-EEren babesa ere izan du. EAJk, aldiz, abstentziora jo du. Josune Escota zinegotziak esan du aparkalekuko prezioak ezartzeko beharrezkoa dela "plan integral bat", eta gaineratu du Durangon horren "falta" dagoela. Horrez gainera, erabakia "behar bezala eztabaidatu barik" hartu dela kritikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!