Durangoko jaiak

Durangoko jaietan egondako "giro bikaina eta parte hartze altua" azpimarratu ditu udalak

Anboto 2022ko urr. 24a, 11:46

Mozorro eguneko irudi bat. UNAI OLASO.

Udalak herritarrak eta bisitariak eskertu ditu jaietan zehar izandako jarreragatik. Garbiketa zerbitzua "modu positiboan" baloratu dute. Indarkeria matxistari dagokionez, udalak oraingoz ez du erasoren baten berririk jaso. EAJk "hobetu beharrekoak" azpimarratu ditu.

Durangoko Udalak jaien balorazioa egin du. Agintariek azken bi asteetan herrian izandako "jai giro bikaina" eta "parte hartze altua" azpimarratu dituzte ohar batean. "Azken bi urteen ondoren, durangarroj horrelako jaiak merezi genituen. Egun ederrak izan dira guztiontzat eta hori posible izan da guztion artean erakutsi dugun gizalegeari eta errespetuari eskerrak", adierazi dute. Guztira 170 bat ekitaldi egon da aurten.

Garbiketa zerbitzuari buruz, udalak brigadako beharginek egindako lana goraipatu du: "oso gogor egin dute lan gau girotsuen ostean egunero kaleak garbi aurkitu ahal izateko", adierazi dute. 228 behargin egon dira lanean. 2019ko jaietan eskainitako zerbitzua %54an handitu dute. Indarkeria matxistari dagokionez, udalak adierazi du "oraingoz" ez duela erasoren baten berririk izan. Are gehiago, eraso sexisten kontra ipinitako telefono zenbakian ez dute deirik jaso. 

Bestalde, jaietan egindako berrikuntzak azpimarratu dituzte: Patxikotxuk eta Pantxikek udaletxeko txupinazoan lehenengoz batera parte hartzea, goitibeheren jaitsiera berreskuratzea eta jaiak erdigunetik kanpoko auzoetara zabaltzea, adibidez. Datorren urterako "norabide horretan" lan egingo duela esan du udalak. 

"Hobetu beharrekoak"

Durangoko EAJk ere jaien balantze "positiboa" egin du, baina "hobetu beharreko alderdiak" egon badaudela adierazi du hedabideetara bidalitako oharrean. Jeltzaleek udaletxeko balkoitik botatzen den txupina eguerdian egitea proposatu dute batetik, eta zezen plaza bermatzea proposatu dute bestetik. "Zezen-zaleek ezin izan dute zezen-plaza tradizionalaz gozatu, egungo gobernu-taldeak jarritako traba ugarien ondorioz, zezen plaza instalatzea eragotzi baitute", kritikatu dute oharrean. Horrez gainera, "indarkeria gertakari batzuk" egon direla, eta "horiei buruzko informazioa" eskatu duela jakinarazi du EAJk. Bukatzeko, eskertu egin dute jai batzordeak, udal langileek eta elkarteek egindako lana.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!