“Neure buruari galdetzen diot ea egonezina sentitu behar dudan sortzeko, eta ez dut erantzunik topatu oraindino”

Aritz Maldonado 2022ko urr. 21a, 11:30

Usue Egia artista durangarrak 'Ura leporaino' komikia kaleratu du oraintsu. Emakume baten hausnarketa eta barne ezagutza prozesuari buruzko lana da, pandemiaren itxialdiko testuinguruan kokaturikoa. Nik esaten dudalako komikiagaz egin zuen lez, Nafarroako Denonartean argitaletxeagaz kaleratu du lana. Durango Sor(tzaileen)leku bekagaz kaleratu du komikia, eta esker oneko agertu da udalagaz. 

Nork du 'Ura leporaino'?
Pandemia sasoian etxean bakarrik egotea erabaki nuen, autoezagutza ariketa lez; eguneko bost bat ordu marrazteari edo idazteari eskaintzea erabaki nuen; burua ez galtzeko aukera ona zela ere uste nuen. Hasieran, lan horiek ez ziren publikatzeko, neure burua gehiago ezagutzeko baizik, eta sorkuntza garatzeko. Musika asko entzun nuen sasoi hartan, eta elkarrizketak imajinatzen nituen musikari horiekin. Los Panchosen biniloa jiraka izan nuen itxialdi osoan, eta nire lagunak zirela imajinatzen nuen. Janaria ematen niela ere imajinatzen nuen (barrez). Istorioa hausnarketa autobiografiko bat da batez ere, umore eta fantasia ikutuekin; jendea nahiko identifikatuta sentitu daiteke, ez kokatzen den garaiagaitik bakarrik, autoezagutza prozesu bat kontatzen duelako baino.

Beraz, ez zenuen itxaroten liburu bat izatea emaitza.
Ez. Hasieran, egunean bost orri marrazten hasi nintzen, eta hamar egunen buruan 50 orri nituen esku artean. Forma hartzen hasi zen gero, ez eguneroko unitate lez bakarrik; hari batek batzen zuen dena, zentzu bat zuen. Denonartean argitaletxeko editoreari bidali nion, eta ea liburu baterako balio zezakeen galdetu nion. Bazuela zerbait esan zidan, eta jarraitzera animatu ninduen. Hilabetez idatzi eta marraztu nuen. Gero, master amaierako lanari ekin behar izan nion, eta gelditu egin behar izan nuen. Baina liburu erdi baino gehiago neukan eginda. Gero, Durangoko Udalaren Durango Sor(tzaileen)leku beka deialdiak irten ziren.

Liburuak zati nagusi bi ditu, kofinamenduko sasoia eta deskonfinamendukoa, eta hiru ataletan dago banatuta. Editoreak askatasun osoa eman zidan idazteko, eta hirutan zatitu nuen, zeozelan egituratzearren. Baina argi utzi gura dut ez dela pandemiari buruzko liburu bat edo pandemiari buruzko hausnarketa bat. Pandemiak gelditzeko aukera eskaini zidan eta niri gertaturiko gauzak dira istorioaren motorea. Are gehiago, istorioaren ardatza 30 bat urteko emakume baten bizipenak eta hausnarketak dira. Jende bat identifikatuta sentitu daiteke horiekin, pandemiak denok zeharkatu gintuelako. Musikazaleak eta literaturazaleak ere sentitu daitezke identifikatuta.

Zein da liburuan aipatzen duzun kuadrilla berri hori?
Bizitza osoan zehar izan ditut bidelagun horietariko asko, baina bizitako momentu horretan are gehiago beharbada. Henry Purcell, adibidez. Amak CDa oparitu zidan bere garaian, eta Arriagara ere eraman ninduen kontzertu bat ikustera. Pertsonalitate berezi bat eman diot, eta oso ondo pasatu dut istorioan sartzen. Virginia Wolfegaz, adibidez, beste era bateko hartu-emana izan dut, introspektiboagoa; Chavela Vargas dramatika bat da, eta maitasun erromantikoari buruz asko hausnartu dugu; Nacho Vegas nire artistarik kutunenetariko bat da eta bera ere istorio honetan sartu gura nuen. Garai desberdinetako jendea direnez, gainera, horrek jolasteko aukera gehiago ematen dizu. Oso ondo pasatu nuen nire kuadrilla berri horregaz, egia esateko. Pandemiaren alde dramatiko guztia kenduta, epoka aberasgarria izan da niretzat. Liburu bat ateratzeko denbora eta baliabideak eman dizkit. 

Chavela Vargasek sufrimendutik sortzen zuen. Zure kasuan ere horrela izan da?
Sufrimendutik ere idatzi dut, eta esango nuke emozio asko dagoela liburu honetan. Egunerokoa da eta egun askori buruz idatzi eta marraztu dudan neurrian ikusten da hori. Uste dut leku desberdinetatik idazten dela ondo zaudenean, edo txarto zaudenean; ez zaude leku beretik berba egiten, baina, aldi berean galdetzen diot neure buruari ea egonezina sentitu behar dudan sortzeko. Eta ez dut erantzunik topatu oraindino. Denbora eta baliabideak behar dira idazteko, eta Wolfek dioen lez, gela propio bat

Atzera begiratuta, zelan ikusten duzu liburua?
Autoezagutza ariketa bat balitz lez. Esango nuke biluztu egin naizela lan honetan, baina ez dut lotsagaz begiratzen. Marraztea eta idaztea komunikazio bide bat dira niretzat, eta kontu batzuk kontatu egin behar ditut, idatziz edo marraztuz, nik neuk ulertzeko. Horrez gainera, mugarik barik eta barrutik sortu dut liburu hau. Abenduan aurkezpena egingo dut eta Durangoko Azokan ere egongo naiz, sinatzen. Liburuak bere ibilbidea egitea gura nuke, eta jendeak irakurtzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!