Durangoko jaiak

Lehenengo asteak utzitako biharamuna pasatuta, durangarrak prest daude jaietako bigarren astebururako

Anboto 2022ko urr. 21a, 13:50

Deskantsurako tarte bat hartu ondoren eta ibuprofeno bat edo beste irentsi eta gero, durangarrak prest daude berriro ere jai giroan sartzeko. Musika moderno eta garaikidea gura duenak Merina Gris, Peio eta Itsua eta J Martina izango ditu gaur txosnagunean. Doinu elektronikoak La Casa Azul taldeak ipiniko ditu, gaur bertan, Ezkurdin.

Bihar, mozorrorik zoroenak erakusteko eta patata tortillarik finenak dastatzeko txanda izango da. Herritarrek Denboraren makinan  inspiratuta mozorrotu beharko dute, eta Landako Guneak patata tortilla txapelketaren hamahirugarren edizioa hartuko du eguerdian. 

Erreka garbitzea domekan
Durangoko jaiei amaiera emateko, erreka garbituko dute domekan. Udalak, arrantza eta ehiza elkarteak, Jai Batzordeak, Auzo Alai elkarteak, Juan Itziar kultur elkarteak, Ourdaibyk eta Marisatsak antolatu dute ekintza. 11:00etatik 13:30era garbituko dute erreka, hainbat gunetan. Bertan parte hartu gura duenak 11:00etan Pinondo Etxean egon beharko du. Antolatzaileek eskularruak, salabardoak, pintzak eta zabor-poltsak eramango dituzte. Oinetako eta arropa egokiak parte hartzaileek eurek eraman beharko dituzte. Udalak auzolanean lan egiteko deia egin du.

Aurreko asteburuak askorako eman du. Zea Maysek jendetza batu zuen zapatuan Ezkurdin, eta Vulk eta Los Zopilotes Txirriaos taldeek txiki utzi zuten txosnagunea barikuan. Jan-edanari dagokionez, asteburua arrakastatsua izan da. Paella lehiaketak argi utzi zuen, gatz barik zein gatz askogaz, lagunartean bada, paella gozo-gozo egoten dela. Kuir Eztanda kolektiboko kideek sexu askapenari buruzko aldarrikapenak kaleratu zituzten Alde Zaharrean. Gurdi eta armairu bitxi banagaz zeharkatu zuten Goienkalea. Eta Landako Eskolako ikasleek bertso bi bota zituzten txupinazo txikian; jaiaz gozatzera deitu zituzten herritarrak. Asteburu honetan ere durangarrek gogotsu beteko dute eskari hori. Jaiak ordu asko du aurretik.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!