47 talde arituko dira Ahotsenean abenduaren 7tik 11ra, besteak beste, Delirium Tremens, Willis Drummond eta Neomak

Anboto 2022ko urr. 20a, 11:04

Neomak.

Ibilbide luzeko taldeak banda hasiberriekin tartekatuko dira Ahotseneako eszenatokia. Zuzenekoak Plateruenan egingo dituzte. 15. urtea du aurten Ahotseneak.

Gerediaga Elkarteak egitarauan egongo den aniztasuna nabarmendu du. "Musika estilo ugari tartekatuko badira ere, zalantzarik gabe rock eta pop doinuak izango dira nagusi", azaldu dute ohar batean, eta ibilbide luzeko Delirium Tremens, Willis Drummond edota Kokein, eta berriagoak diren Neomak, Agur, edota Mirua azpimarratu dituzte. Guztira, 47 ikuskizun egongo dira. "Pop elektronika presente egongo da Merina Gris eta Lumi taldeegaz; Bengok eta Odeik hip-hopa ekarriko dute; Bolbora eta Sutan taldeek ska-reggaea landuko dute; Mugan taldearen folk doinuak; jazz eta soula Arima Soul bandagaz...". Bakarlariei ere egingo diote tarte bat, horrela, Olaia Inziartek, Ilargik, Peru Galbetek eta Esti Markezek zuzenekoa eskainiko dute. Ines Osinagak bere proiektu berria aurkeztuko du. 

Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte, eta ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Kontzertuak streaming bidez ere jarraitu ahalko dira www.durangokoazoka.eus webgunean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!