Jakoba Errekondok herri-ortuei buruzko berbaldia eskainiko du Durangon

Anboto 2022ko urr. 17a, 17:00

Berbaldia Durangoko Institutuak antolatu du eta bertan izango da. Urriaren 20an izango da, eguena, 17:30etan.

Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak norbere ortuak sortzeko eta zaintzeko aholkuak eskainiko ditu. Baita ortua aisialdi aukera legez gozatzeko eta pazientzia lantzeko gidalerroak ere. Durangoko Institutuak Herri-ortuak eta elikadura burujabetza 2022-2023 egitasmoaren baitan antolatu du berbaldia. Erronkan parte hartzera deitu dituzte guraso, irakasle, ikasle-ohi eta, oro har, Durangaldeko herritarrak. "Erronka handia eta sakona den arren, institutuko arlo eta maila ezberdinetan jarduera ezberdinak martxan jartzen hasiak gara, ikasleek, zeharkakotasunez, erronkari eusteko, erantzun erakargarriak eta anitzak garatzeko asmoz, eta ekarpenak egiteko. Era horretan, gure ikasleak lanean hasiak diren bezala, gurasoak eta herritarrak ere animatu gura ditugu honetan guztian", azaldu dute institutuko iturriek

Teilatua, ikasgela

Honen guztiaren abiapuntua Durangoko Institutuko eraikinetako batean dago. Izan ere, DBHko eraikinetako baten teilatua herri-ortu eta herri lorategi bihurtu dute ikasturte honetan. Aurrerantzean, herri-ortu hori ikasleen ikasgela, laborategi eta hausnarketarako gune izatea gura dute, bertan zientzia, teknologia, matematika, ingeniaritza eta humanitateak lantzeko. Durangoko Institutuak STEAM erronkan parte hartzen du (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Humanitateak eta Matematika lantzeko erronkan). 2017-2018an robotika landu zuten, 2018-2019an uraren egoera eta erabilera, 2019-2020 ikasturtean 3D inpresioa, 2020-2021an aisialdiaren kudeaketa eta iazkoan eraikuntza jasangarriak. Aurten herri ortuak lantzeko txanda da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!