Miarritzen Munduko Euskal Pilota txapelketa jokatuko dela eta, Mexikoko selekzioko pilotari batzuk Durangon daude egunotan. "Euskal Herriko federazioak lagunarteko hartu emana du Mexikoko Lauburu klubagaz. Talde horretako David Álvarez entrenatzaileak Mundiala jokatuko du ezker paretan, banakako modalitatean. Hori dela eta, klub horretako gazteak entrenatzaileagaz etorri dira Euskal Herrira", azaldu du Txaber Zabalak, Durangoko pilota eskolako arduradunak.
David Álvarez entrenatzaile eta jokalariagaz batera, Diego Ordóñez, Daniel Otento, Carlos Olivares eta Víctor Buendía gazteak etorri dira. 15-18 urte bitarteko jokalariak dira. "Egunotan San Faustoko frontoian ibili gara entrenamenduak egiten. Zelan prestatzen garen, zelako entrenamenduak egiten dituzten, gure ezberditasunak ikusi... hori guztia lantzen ibili gara", jakinarazi du Zabalak. Jokalari mexikarrak hilaren 20ra arte egongo dira Durangon, gutxi gorabehera. Munduko Euskal Pilota txapelketa urriaren 23tik 29ra jokatuko da Miarritzen (Lapurdi).