Durangoko jaiak

"Durangoko Udalak ausardia politikoa izan beharko luke jaietako ekitaldietatik animalien erabilera oro kentzeko"

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 14a, 11:45

Gorka Unzalu eta Silvia del Amo Durangaldea Antiespezista plataformako ekintzaileak dira. Joan zen asteburuan manifestazioa egin zuten Durangon

Animalien eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egin duzue Durangon. Zeintzuk dira aldarrikapen nagusiak?
Silvia del Amo: Inoren esklabo ez izateko eskubidea aldarrikatu dugu, inork erabilia ez izateko eskubidea. Sokamuturra, adibidez, esplotazio kasu bat da. Animalia bat erabiltzen da gizakiaren dibertimendurako. Ganadutegiak etekin ekonomiko bat ere lortzen du animaliagaz herririk herri ibilita. Okelatarako ere erabiltzen dira, esnetarako. Azken finean, animalien erabilera orokorraren atzean espezismoa dago, animaliak objektu lez tratatzea gure probetxurako. Arazoaren erroa hori izanik, espezismoari amaiera ematea da dagoen aukera bakarra. Esango dute sokamuturran bigantxek tratu ona jasotzen dutela. Bai, emango dizkiote musuak gura baduzu, baina kontua da animalia horrek tratu ona jaso zein ez, ez duela zertan hor egon. Naturan egoteko jaio da, zelaian. Animalien erabilerari amaiera emateko modu bakarra haiek ez erabiltzea da. Ez janda, haiengandik eratorritako produktuak kontsumitzeari utzita, esperimetaziorako erabiltzeari utzita. Alternatiba begano egitea da.

Zuen aldarrikapenak gai zabal bati lotuta daude, baina mobilizazioa Durangoko jaien atarian egin duzue; hain zuzen ere, Zezenak Dira eta halako egitasmoen atarian. 
Gorka Unzalu: Zezena animalia da eta bere eskubideak ditu. Herritarrei ulertarazten badiegu zezena sokamuturran erabiltzea txarto dagoela, beharbada  interpretazio hori bera beste esparru batzuetan ere egingo dute. Ikusiko dugu ea joerak aldatzen diren. Alde horretatik, iruditzen zaigu Durangoko Udalak ausardia politikoa izan beharko lukeela jaietako ekitaldietatik animalien erabilera oro kentzeko.

Aurten ez dago zezen-plazarik.
G.U.: Hala da. Dena dela, nik ulertu dudanagaitik, ez da udalak halantxik erabaki duelako. Antza, antolatzaileek eurek erabaki dute ez ipintzea. Horrez gainera, poneyen ibilaldia eta arrantza lehiaketa daude egitarauan. Horiek ere badira esplotazio ereduak.

Zuen iritziz, zelakoa da animalien eskubideekiko Durangaldean dugun kontzientzia?
G.U.: Gainerako lekuetakoaren modukoa. Frogatuta dago animaliek minari ihes egin eta plazera bilatzen dutela. Euren ongizatea bilatzen dute, askatasunean bizitzea. Makinak balira lez tratatzen ditugu. Esnea emateko makina lez, gaztaia emateko makina lez. 
S.A.: Animaliak erabili barik eta hil barik ere ederto bizi gaitezke. Inor ez da bestea baino gehiago. Mundu honetan elkarregaz bizitzeko gaude, bizitzako plazerez gozatzeko. Guretzat gura ez duguna ez dezagun besteekin egin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!