Leire Bilbaok Euskadi Literatura sarietako bat irabazi du

Anboto 2022ko urr. 13a, 13:43

Leire Bilbao eta Maite Mutuberria

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jasoko du Leire Bilbaok Barruko hotsak liburuagatik. Uxue Apaolazak eta Maite Mutuberriak era jasoko dituzte Euskadi Literatura sariak. 

Gaur goizean eman ditu ezagutzera Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak Euskadi Literatura sarietako lehenengo hiru sarituen izen-abizenak. Uxue Apaolaza, Maite Mutuberria eta Durangon bizi den Leire Bilbao saritu dituzte; Bihurguneko nasa, Irrimola eta Barruko hotsak lanengatik saritu dituzte, hurrenez hurren. Epaimahairentzat, "belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko" moduko liburua da Barruko hotsak (Pamiela). "Liburu jolastia da, eta umore finaz josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio, maketazio eta ilustrazio lan bikaina", azaldu dute. Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatu dute epaimahaia. 

Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia datorren azaroaren 24ean egingo dute, Donostiako Tabakalera zentroan. Guztira, zazpi sari banatuko dituzte, eta gaurkoan, lehenengo hiruak jakinarazi dituzte. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, beste 4.000 euro ere eskura ditzake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!