Bertan euskal pilotaren Durangoko manifestua irakurri dute Endika Barrenetxeak (erremontea), Laura Saezek (gomazko paleta), Ibai Zabalak (esku pilota) eta Iera Agirrek (esku pilota).
Endika Barrenetxeak gaur egungo egoera zein den azaldu du. "Euskal kirolariok ezin dugu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin. Gure herrian, gurea dugun eta gure izena damaran kirolean hau gertatzea lotsagarria eta penagarria dela deritzogu".
Egoera horren aurrean, Laura Saezek euskal selekzioaren "ofizialtasuna" aldarrikatu du. "Euskal pilotariak garenez, guk Euskal Herriko koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatzea nahi dugu. Hori lortzeko denok batu behar ditugu indarrak".
Ondoren, Ibai Zabalak hartu du hitza eta Euskal Herriko erakunde eta eragileei zuzendu zaie. "Munduko Pilota Batzarrari eta Euskal Pilota Federazioei eskatzen diegu jarrai dezatela egoera honi irtenbide bat aurkitzeko lanean, eta har ditzatela helburua lortzeko bidean hartu behar diren erabakiak. Euska Herriko instituzioei, berriz, eskatzen diegu jarrai dezatela beraien esku dauden tresna juridiko, politiko eta pertsonalak helburu honetara bideratzen".
Irakurketa politikariei bideratutako mezu batekin amaitu du Iera Agirrek. "Dei egiten diegu Euskal Herriko alderdi politikoei eta, batik bat, aldarrikapenarekin bat egiten dutenei, euskal gizartearen gehiengo handi baten ametsa errealitate bihurtzeko urratsak ematen jarrai dezaten". Azkenik, euskal pilota munduari, ofizialtasuna lortu ahal izateko beharrezkoa den "babesa" eskaintzeko eskatu diote.
Pilotari, agintari eta agintari ohien babesa
Ekitaldia amaitzeko familia argazki bat atera dute. Manifestua irakurri dutenez gainera, ekitaldiak pilotaren munduko beste hainbat agintari, agintari ohi eta pilotari batu ditu: Itziar Lete, Gipuzkoako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakaria; Enaitz Olaeta, Bizkaiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakaria; Iker Gerea, Arabako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakaria; Gotzon Embil, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakaria; Patxi Jauregi, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakari ohia; Kiko Caballero, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakari ohia; Jean Michel Garayar, Iparraldeko Bizkaiko Pilota Batzordeko lehendakaria; Maite Ruiz de Larramendi esku pilotaria; Martin Ibarra, Euskal Pilota Konfederazioko lehendakari ohia; Beñat Lizaso pilota egokituko pilotaria; Manuel Quesada, pilota egokituko pilotaria; Nahia Ouro, Bizkaiko Euskal Pilota Federazioko zuzendaritzako kidea eta Naroa Agirre esku pilotaria.
Iera Agirre, Ibai Zabala, Laura Saez eta Endika Barrenetxeak irakurri dute gaurko agerraldiko manifestua.