Ruben Ramosen kartelak iragarriko du Durangoko Azokaren 57. edizioa

Anboto 2022ko urr. 11a, 11:48

Pandemia aurreko azokaren irudia berreskuratu gura du Gerediaga elkarteak 57. Durangoko Azokarako. "Iazko ziurgabetasunaren ostean, aurten, ospatzeko garaia izango da. Mugarik gabeko azoka bat izango da, eztanda bat", azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak. Hain zuzen ere, eztanDA! izango da aurtengo Durangoko Azokaren leloa. Abenduaren 7tik 11ra ospatuko da Durangoko Azoka. 

Ruben Ramos kartelaren egileak sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du kartelean. "Ilustrazioak unibertsoaren eta Bing Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen, ez emakume ez gizon, ideiak, ilusioak eta norberaren imaginazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da. Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin", azaldu du Ramosek kartelaren aurkezpenean. Ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailea da Ramos, eta azken urteetan hainbat kanpainatan lan egin du: Zinemaldia, Jazzaldia, Loreak mendian... Oraintsu Aise Studioa sortu du. 

Ohiko guneak

Azken urteetako guneak zabalik egongo direla iragarri dute prentsaurrekoan, baita Plateruena ere. Horrez gainera, aurrez aurreko azoka "ohi bezalakoa" berreskuratzeaz gainera, online denda ere martxan egongo da aurten. 

Gaurko prentsaurrekoan Nerea Mujikaz eta Ruben Ramosez gainera, Antoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia) eta Ima Garrastatxu Durangoko alkateak hartu dute berba. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!